2024-25 ikasturtea azken txanpan da honez gero eta nabari da txoko guztietan. Sutegi udal liburutegiak urte osoan zehar egindako eskaintza oparoa ere amaitzear da. Izan ere, ostegun honetarako du iragarria, ekainaren 12rako, liburutegia dinamizatu eta herritarren topagune bilakatu izan duten azken ekintza, uda garaian sartu aurretik.
Hamaika urtetik gorakoentzako irakurketa-solasaldia antolatu du Sutegi udal liburutegiak. Idoia Garzesen “Kukuaren kantua” liburua izango dute mintzagai ostegun arratsaldeko 15:30etan. Adi, hitzorduan ordu aldaketa izan da; 15:00etan zegoen iragarria hasiera batean, baina orduerdi atzeratu dute.
Bada ekitaldi honi begirako bigarren oharrik ere. Ohi den moduan, etzi irakurketa-solasaldian mintzagai izango duten liburua aldez aurretik Sutegin izango duzue eskuragarri.
Hemen duzue, argitalpen horren edukiaren aurrerapentxoa. "Amak ez zuen Jaxintori buruz iritzi onik: “Gure artera habia egitera etorritako hezurbeltz trenak ekarritakoa. A ze pajarua!”. Nik, baina, ez nuen ezer ulertzen, ez pajarua zer zen, ez inork hezur beltzik izan zezakeenik. Galtzamotzak bete xalotasun, artean lumatu gabeko txorikumea bainintzen. Orain, ordea, Jaxinto hil berri denean, hark txoriez erakutsitakoak gogoan, badakit bihotza habia dagoen tokian dagoela eta kukuaren portaera bizilegea baino ez dela".
Hitzordu honen aurreko ekitaldia iragan astean egin zuten. Ekainaren 3an, Karmele Jaioren “Orain hilak ditugu” poesia-liburua izan zuten hizpide, Alaine Agirrek zuzenduriko literatura-solasaldian.