Inoiz baino parte hartze handiagoa erakarri du NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas ekimenak. Izan ere, udaleku irekiotan 4-12 urte arteko 230 gaztetxok eman du izena. Bestalde, inoiz baino goizago abiatuko da aurtengo Udajolas; ez ohi bezala, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Usurbilgo jaien ostean, ekainaren 30ean baizik. Baina herriko festak tarteko, hilaren 2tik 4ra ez da Udajolasik izango.
Argibide gehiago jasotzeko Udajolasen izena eman duten haur eta gaztetxoen gurasoei zuzenduriko ekimenari lotutako bilera deitu dute urtero moduan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak; aurtengoa, ekainaren 17an arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.
Inoizko parte hartze handiena
Gogoan izan, apirilaren 16an itxi zen Udajolasen izen-ematea. Iaz bezala, aurtengoan ere parte hartze marka hautsi du Udajolasek. Izan ere, inoiz baino lagun gehiago batuko dira aurtengo udaleku irekian: 230 gazte.
Udajolas udaleku irekia da, 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei (HH3-LH6) zuzendua dagoena. "Helburua herriko haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Udalaren zerbitzua bada ere, Noaua kultur elkarteari esleitua dio kudeaketa".