Lauburu-Udala hitzarmena

Sei buruhandi berrirekin plazaratuko da Lauburu konpartsa Usurbilgo jaietan

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 12a, 20:52

Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa hazi egingo da laster. Sei buruhandi izatetik hamabi izatera igaroko dira; sei buruhandi berriek gaztetxo askoren ihesaldi bat baino gehiago eragingo dituzte lasterka bizian datozen Usurbilgo jaietan. Ostegun arratsalde honetan iragarri dute albistea, konpartsak berak eta Usurbilgo Udalak izenpetu duten lankidetza hitzarmenaren ekitaldian.

 

Bereziki gaztetxoenei eta haien gurasoei zuzenduriko albistea. Berri garrantzitsua, pozgarria eta irrika handia sortuko duena zalantza izpirik gabe. Ostegun arratsalde honetan, Lauburu Usurbilgo Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmena izenpetu dute udaletxeko udalbatza aretoan. Hitzorduan bertan, berrikuntzak iragarri dituzte. Adi; sei buruhandi berri izango ditu konpartsak aurrerantzean. Lehenbiziko aldiz, uztailaren 1ean arratsaldeko 19:00etan agertuko dira udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazara.

Nolakoak diren, zer itxura izango duten orduan ezagutuko duzue, baina dagoeneko gaur hasi dira zenbait xehetasun aurreratzen. Lauburukoen esanetan, "urte luzez buruan izan dugu, nola herrian irudiok herriko ordezkari ere izan behar dutela, nolabait gure sentitu behar ditugula". Ildo horretan, aurreratu dutenez, "esan dezakegu Usurbilgo giza jarduera zein animalia bereizgarriaren irudiak direla eta nolabait, badirela herriko ondare etnografikoaren isla".

Badatoz
Bestalde, Udalak eta Lauburuk sareratu duten bideoan zenbait pista ere aurreratu dituzte. Albiste honi atxikia duzuen bideoa adi ikusi, baina adiago entzun. "Ba al zenekiten badirela gure herrian txoko txiki ezberdinetan ezkutatzen diren pertsonaia magiko eta misteriotsuak? Suziri hotsak aditzean erraldoiekin kalean gora eta behera abiatzen direnak?" esanez entzun daiteke ikus-entzunezko lan horretako narratzailea. Bitartean, ikusgai dituzue herriko txoko ezberdinetako irudiak pista gisara eta baita buruhandi berrien sorkuntza prozesuarenak ere.

"Mutur, begi eta adar handikoak batzuk, letagin zorrotz eta belarri tentekoak besteak... inoiz norbaitek ikusi izan dituenaren zurrumurrua dabil kaleetan". Eta laster, herriko plazan.

Aipatu moduan, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldian ikusiko dituzue estreinako aldiz.

Konpartsa jai guztietan
Baina badira Lauburu konpartsari lotutako nobedade gehiago ere eta horiek Usurbilgo jaien aurretik bizitzen hasteko moduan izango gara; ate joka ditugun Kalezarko festetan hain zuzen. Izan ere, hemendik aurrera, Usurbilgo jaietan soilik ez, auzoetako festetan ere egun batez gutxienez, Lauburu konpartsako erraldoi eta buruhandiak plazaratuko dituzte. Berrikuntza hau, aipatu moduan, estreinakoz Kalezarko jaietako egitarauan txertatu dute. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan Orbeldiko emanaldiaren ostean plazaratuko da konpartsa aipatu auzoan barrena.