Inoiz baino hurbilago ikusi eta ukitzeko moduan izan gara Lauburu Usurbilgo Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako urte luzeetako harremana duen erraldoi bikote ezaguna. Haiek dira lerrootako protagonistak eta haien presentzialtasuna bermatzen, sustatzen segiko duten konpartsa eta Udala bera. Izan ere, bi aldeek, Udalak eta Lauburuk lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun arratsalde honetan, ekainaren 12an, udaletxeko udalbatza aretoan.
"Usurbilgo erraldoi eta buruhandientzat egun garrantzitsua da gaurkoa", nabarmendu dute aipatu konpartsako ordezkariek. Izan ere, "urteetako lanaren ostean, herrian hainbeste maite dugun tradizio honek, beste maila baterako jauzia emango du". Udalarekin segidan izenpeturiko hitzarmenaz ari ziren.
Horri "esker, balioan jartzen dira herriko erraldoi eta buruhandiak baita konpartsak herrian egindako lana ere". Horregatik, uste dutenez, "halako akordio batekin herriko erraldoien etorkizuna ziurtatua dago".
"Erraldoien eta buruhandien kultura zabaltzen"
Gogorarazi dutenez, 2013an hasi zuten konpartsa gisa, orain arte eginiko ibilbidea. Urte hartan, gogorarazi dutenez, "NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik inauterietako konpartsa hartatik sortu zen gaur egun, Lauburu bezala ezagutzen dugun taldea". Egun, oraindik orduan zeuden kideek jarraitzen dute eta pozarren agertu dira gaurko ekitaldian horregatik. Ordutik, "une onak eta ez hain onak pasa ditugu eta taldea urte batzuetan uztera ere iritsi gara. Halere, beti izan da gure nahia, herritarrei gure ondarea ezagutaraztea, ahalik eta modu duinenean plazaratuz". 2023an ofizialki erregistratu ziren irabazi asmorik gabeko elkarte gisa. 15 kideek osatzen dute egun.
Eta bide honetan jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, "Udalarekin eta herriko eragileekin elkarlanean, erraldoien eta buruhandien kultura zabaltzen". Konpartsa haziko da gutxi barru; egun bi erraldoi eta sei buruhandi dituzte. Beste sei izango dituzte hemendik aurrera. Haien guztien erabilera aipatu konpartsaren esku geratuko "udal konpartsaren irudia sendotuz". Izan ere, gogorarazi dutenez, "hitzarmenarekin batera, buruhandi berrien proiektua ibili gara mamitzen azken hilabeteetan".
"Zuek zarete guk lanean jarraitzearen arrazoia"
Orain arteko ibilbidean, nahiz gaurtik aurrera eman asmo dituzten urrats berrietan bidelagun izandakoak eskertu ditu Lauburuk gaurko ekitaldian; Udala eta udaleko Kultura Saila "proiektu honen aldeko apustua egiteagatik, baita aurretik gure ibilbidean izan ditugun zinegotzi eta teknikariak, konpartsako arduradun izan diren Lontxo Zubiria eta Angel Trull, hastapenetan hainbeste lan hartzeagatik, gurekin batera ibili diren dultzaineroak, Zumarte Musika Eskola eta, batez ere, Usurbilgo txistulariak, gaur arte konpartsatik igaro diren gazteak baita gu heldu aurretik auzolanean erraldoi eta buruhandien azpian sartu diren herritarrak eta, azkenik, mila milesker ateratzen garen bakoitzean guregana gerturatzen zareten guztioi, zuek baitzarete guk lanean jarraitzearen arrazoia. Usurbilgo erraldoi eta buruhandien izenean milesker guztioi".
Herri ondarea
Usurbilgo Udalak garrantzitsutzat jo du Lauruburen jarduna, "erraldoiak eta buruhandiak sustatzeko gogoa eta ardura hartuko duen talde egituratu bat egotea". Ildo horretan, "zortea daukagu Lauburu bezalako elkarte bat daukagulako herrian errotua, beren emanaldiekin herria girotzeaz gain, ondare horren zaintza ere egiten dutelako".
Herri ondarearen baitan kokatu ditu Udalak herriko erraldoi eta buruhandiak. "Jai giroa bultzatzen dute, haur zein helduen partaidetza sustatzen eta bistakoa da ateratzen diren bakoitzean sortzen den ikusmina".
Hitzarmenean jasotakoak
Gaur Udalak eta Lauburuk izenpeturiko hitzarmenak urte amaierara arteko iraupena izango du, baina gerora, "urtez urte dekretu bidez luzatzeko aukera izango da".
Lauburuk eta Udalak izenpeturiko lankidetza hitzarmenaren arabera, "Lauburuk Usurbilen erraldoi eta buruhandien konpartsa bat egotea sustatuko du eta urte osoan hainbat irtenaldi egingo ditu; lau Santixabeletan eta bana herri-auzoetako festetan".
Konpartsa hazi egingo da, sei buruhandi izatetik hamabi izatera igaroko da Lauburu. Horregatik, "bi multzotan sailkatuko dira, Lauburu konpartsak erabiliko dituenak" batetik eta, bestetik, "herriko jaietan, jai batzordeetako edo bestelako eragileek erabiliko dituztenak".
Lauburuk erabiliko dituenez konpartsa bera arduratuko da horien "mantentze eta garbiketa eta konponketa lanez. Bestelako eragileek erabiliko dituzten buruhandien mantenu lanak ez ditu konpartsak bere gain hartu beharko baina Udalari jakinaraziko dio zer nolako mantenua beharko duten, kalteren bat izaten badute, arropa garbitu edo berritu behar bada... Emanaldi edo irteera bakoitza Udalari jakinaraziko zaio eta udalak baimena eman beharko du".
Formazioa eta parte hartzearen sustapena
Horrez gain, "herriko haur eta gazteei behar den prestakuntza eskainiko die, urtean behin gutxienez, entsegu irekiak eta formakuntza ikastaroak antolatuz. Irekiak izango dira eta herriko gazteek konpartsan" parte hartzea sustatuko dute.
Parte hartzeko beharrezko adina zehaztua dute. "Konpartsako erraldoiak eta buruhandiak eramango dituztenek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte" eta konpartsan "16-18 urte artekoek parte hartu ahal izateko guraso edo tutoreen baimena beharko dute".
Udalak Laubururi eskainiko dion laguntza ere zehaztu du gaurko ekitaldian. 2025ean 11.200 euroko diru ekarpena egingo dio konpartsari. "Bertan sartuta daude, besteak beste, eramaileen dietak, musikariak, auzoetako ekitaldiak, konponketa eta garbiketa eta aseguru gastuak".
Momentuz, Barrenkale 2an kokaturiko lokala ere prekarioz doan lagako dio Udalak, biltegi moduan, "erraldoiak eta buruhandiak gordetzeko eta konponketak, prestaketa eta entseguak egiteko". Trukean, "Lauburuk erantzukizun zibila estaltzeko aseguru poliza bat kontratatu beharko du eta lokalaren garbitasuna ere bere ardura izango da". Aldiz, "lokalari lotutako hornikuntza gastuak Udalak bere gain hartuko ditu". Horrekin batera, "Laubururen eta herriko beste elkarteen arteko bitartekaritza erraztuko du Udalak eta auzoetarako garraioa ere Udalaren kontu izango da".