Zumartek 40 urte

Zumarteren 40 urteak irudikatuko dituen ibilbide musikatua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 09:01

Berrogei urte betetako Zumarte Musika Eskolak hilabeteotako ospakizunen zikloa larunbat honetan, ekainaren 14an borobilduko du, herrian barrena antolaturiko ibilbide musikatuarekin. Lau hamarkada hauen irudikapena plazaratuko du hitzorduak.

Betetako lau hamarkadei gorazarre egin diete, amaitzear duten 2024-25 ikasturte honetan zehar antolaturiko hamaika hitzorduen bidez. Azkena, orain artekoa borobilduko duena, ate joka dute. Berrogei urteak irudikatuko dituen ibilbide musikatua antolatu du Zumarte Musika Eskolak ekainaren 14rako. "Kontzertu handi batekin amaitu ohi dugu beti ikasturtea. Aurten, beste formatu batekin agurtuko dugu", iragarri dute antolatzaileek.

Herrian barrena egingo den kalejirak Usurbilek musikagintzarekin izandako hartuemana azaleratuko du; baita, noski, ospakizun betean den eskolaren sorrera, garapena, gaur arte egindako bidea sakonago ezagutzeko aukera izango da. "Sorreraz galdetu izan dugu azken urteotan", oroitu digute.  Jakinmin horrek bultzatuta, "informazioa bildu eta plazaratzea bururatu zitzaigun; Zumarte nola sortu zen, zer garapen izan duen musika eskolak, nola heldu garen berrogei urteak betetzera...".

Ondoen egiten dakiten moduan girotuko dute ibilaldia, musikaz noski. Baina nabarmentzekoa den beste osagai bat ere izango du hitzorduak; zortzi geltoki izango ditu. Haietako bakoitzean, eskolako kide diren musikarien emanaldiez gozatu ahalko da, baina, horrez gain, Zumarteren historiaz azalpenak eskainiko dituzte. "Kontakizun batek lagunduko du hitzordua", iragarri dute antolatzaileek. Izan ere, guneok, ibilbidea bera bezalaxe, ez dute ausaz diseinatu, kalejiran murgilduko zaretenok argi ikusi ahalko duzuen moduan. Geltoki bakoitzeko partaideak "kalejirara batzen joango dira". Amaierarako, eskolako komunitate osoa elkartuko da.

Auzolanean
Hitzordua hilabeteak prestatzen daramate eta 40 urteok borobilduko ditu. Abiapuntua, udaletxe atzean izango du, Zumarteren ibilbidea hasi zen tokian hain zuzen. Amaitu, udaletxe aurrean bukatu asmo zuten. "25. urteurrenean bertan afaldu genuen. Oso polita izan zen. Ordukoa errepikatu nahi izan dugu aurten. Festa giroan, bazkaltzen, abesten eta dantzan amaituko dugu eguna" eta 40. urtemugako zikloa. Txarangaren doinu artean bukatuko dute larunbat berezi hau. Eguraldia tarteko, ordea, bukaera hori frontoian egingo dute azkenean.

Antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dizkiete ekimen berezi hau antolatzen lagundu duten guztiei; "irakasleei, ikasleei, 40. urtemugako zikloa bideratzeaz ardutaturiko batzordeari, familiei, herriari, Udalari, Carolari kartelagatik", guztiek agerturiko prestasunagatik. Elkarlan handi hori nabarmendu nahi dute Zumartetik. Urte honetan "bizitako guztiarekin oso pozik, oso harro gaude. Jende asko aritu da lanean".

40. urtemugako ibilbide musikatua
Eguna: ekainak 14, larunbata.
Ordua: 11:00-13:00.
Ibilbidea: udaletxe atzea Txistu Taldearekin, saxo taldea Dema plaza ondoan; trikitixa eta pandero, txalaparta eta alboka taldeak Artzabalen; eskusoinu eta biolin taldeak Askatasuna plazan; abesbatzak Zumetaren txoriak zintzilikatuak dituen Kale Nagusiko eraikinean; Musika Txokoa eta Musika Mintzaira Olanoeneko plazan; taldeak Zumarte Musika Eskolan. Amaitzeko, 14:30etan bazkaria frontoian. Ondoren, txaranga.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.