Usurbilgo jaiak

Festetako zikiro janerako txartelak eskuratzeko aukera igandean

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 08:46

Uztailaren 5ean ospatuko den Usurbilgo jaietako zikiro janerako txartelak ekainaren 15ean eskuratu ahalko dira Aitzaga elkartean. Hona hemen, ate joka ditugun herriko festei lotutako hurrengo hitzorduen berri.

Zikiro janerako txartelak
Uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Usurbilen jaien baitan, harrera jendetsua izan ohi duten ekitaldiak izango dira aurtengoan ere; tartean, zikiro jana egingo da hilaren 5ean, larunbatez. Adi, txartelak, ohi bezala, aurrez, igande honetan, ekainaren 15ean jarriko dituzte salgai 12:00etan Aitzaga elkartean. Helduek 30 eurotan eta gazteek zein langabetuek 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte.

Jaien aurkezpena
Usurbilgo festetarako geroz eta gutxiago geratzen da. Are gutxiago, xehetasunak ezagutzekoa. Izan ere, iaz bezala, jai batzordeak jendaurrean aurkeztuko ditu festen nondik norako guztiak. Datorren astelehenean, ekainaren 16an izango da, arratsaldeko 18:00etan, Mikel Laboa plazan. Bertan aurkeztuko dute hilaren 1etik 6ra izango diren festen nondik norako nagusien berri.