Donostiako suhiltzaileek udalaren proposamena onartu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 13:34

Donostiako udalak hurrengo bi urteetan guztira hamabi suhiltzaile gehiago kontratatuko ditu: sei 2026an eta sei 2027an. Suhiltzaileak eta udalak orain lan baldintzak negoziatu behar dituzte. 

Bi eguneko itxialdiaren ondoren, Donostiako suhiltzaileak udaletxeak helarazi dien proposamena onartu dute, eta bertan behera utzi dituzte mobilizazioak, egunerokoan bizi dituzten arazo guztiak konpontzen ez dituen arren, goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Udalak proposamenean hurrengo bi urteetan guztira hamabi suhiltzaile gehiago kontratatuko dituela helarazi die: sei 2026an eta beste sei 2027an. 

"Proposamena onartzeak ez du esan nahi orain bi urte mobilizatzen hastera eraman gintuzten gabezia eta hutsuneak gainditu ditugunik", argitu dutenez, eta nahiz eta hamabi suhiltzaile berri gehiago sartu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ratioen azpitik jarraituko dute lanean. 

Hala ere, iragarri zituzten mobilizazioak bertan behera utzi dituzte, baina lan baldintzak hobetzeko eta egiturazko hutsuneak konpontzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute, besteak beste, negoziazio mailan lan baldintzak negoziatuz.