Txalapartaren ttakunak hartu du ostiral eguerdi honetan, ekainaren 13an, Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoa. Sergio Lamuedrak eta Miren Etxabek osaturiko Kimu txalaparta taldeak kontzertu berezia eskaini die DBHko gazteei gaurkoan, izaera pedagogikoa zuen emanaldia.
Izan ere, hitzordua Jexux Artze Kultur Elkarteak antolatu du. Urtero, garai honetan, Artzeren omenezko kultur zikloa prestatu izan du maiatzerako. Ziklo horren baitan, gaztetxoekin txalapartaren kultura sustatzeko gaurkoa bezalako kontzertua antolatu ohi dute. Txalapartaren ibilbide historikoaz edota Artzetarren eskutik, Usurbilen izandako garrantzia nabarmendu dute. Txalaparta jo dute noski, bai Kimukoek baita instrumentu hau probatzera animatu diren ikastolako DBH-ko hainbat gazteek ere.
Txalapartaren kulturara eta instrumentura berarengana hurbiltzea zuen xede gaurko hitzorduak.
Bide batez, gogoan izan; garai batean maiatzean baina azken urteotan eta aurten ere bai, Txalaparta Festa antolatuko duela Jexux Artze K.E.-k urrian.