Akabo 2024-25 ikasturtea ere. Ondoen dakiten moduan, dantza giro bizian agurtu du denboraldi hau Orbeldik. Ostiral arratsalde honetan, Oiardo kiroldegitik abiatuta herrian barrena eginiko kalejirarekin bukatu dute hilabeteotako jarduna. Munalurra, Artzabal eta frontoia izan dituzte geltoki. Dultzaineroak bidelagun dituztela, plaza dantzetan aritu dira dantza taldekoak nahiz haiengana batu nahi izan duten guztiak.
Ekaitzak tarteren batean hitzordua etenarazi bazuen ere, festa giro ederrean amaitu dute ikasturtea, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.
Adi, ordea, ikasturtea amaitu bai, baina Orbeldik ez du bere jarduna erabat etengo uda partean. Ohi bezala, festetako emanaldien bira hastekoa da. Lehenengo hitzordua, urtero legez, Kalezarren izango dute. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan plazaratuko dira Pelaioenea parean herriko dantzariak.
Horrez gain, 2025-26 ikasturtera begira da jada Orbeldi. Ikasturte berri horretan parte hartu nahi dutenek orain dute izena emateko aukera, horretarako epealdia irekia du Orbeldi Dantza Taldeak. Ekainaren 20a izango da izena emateko azken eguna. QR kode honen bidez bideratu ahalko da izen-ematea: