Ekaitza bart

Herriko zenbait kale ubide, gauerdian lehertutako ekaitzaren eraginez

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 14a, 09:58

Gauerdi inguruan aspaldi bizi gabeko euri eta kazkabar jasa izan dugu. Urak hartu ditu herriko hainbat bazter. Santuenean ere etxe barruraino sartu da ura.

Ostiral arratsalde eta iluntze partean bitan lehertu zen ekaitza. Kazkabarra ere egin zuen, baina uneok ez zuten zerikusirik izan, gauerdi partean lehertutako ekaitzarekin. Ez ginen inolako abisu edo alerten eraginpean, baina ezustean, gauerdi inguruan ekaitz itzela lehertu da inguruotan. Aspaldi bota gabeko euri eta kazkabar jasa izan dugu.

Ekaitzaren eragina agerikoa izan da, esaterako Santuenean. Handik auzokide batek helarazitako irudiak dituzue segidan. Etxe barruraino heldu zaie ura indar handiz. Atxegalden ere zenbait kale ubide bilakarazi ditu aspaldi bizi gabeko ekaitzak.

Ekaitza bapatekoa izan denaren adierazle, Euskalmet meteorologia agentziak gauerdi aurretik alerta laranja aktibatu duela urgentziaz ekaitzagatik eta uholde arriskuagatik goizaldeko 1:00ak arte.

Bizi izan dugun erauntsiari lotutako beste datu bat. Inguruotan baina batez ere Gipuzkoan gorago botatako euri-jasen ondorioz, meteorologia agentziak Lasarte-Orian duen estaziotik ohartarazi dutenez, Oriak maila horia gainditu du tarte batean.

Larunbat goiz honetan, nabaria zen bart gauerdiko ekaitzak utzitako arrastoa bereziki Santuenean. Udal brigada garbiketa lanetan ari da bertan.