Denetariko hamarnaka emanaldi eskaini dituzte azken urtebetean. Ohiko hitzorduez gain, azaroaz geroztik ospakizun ziklo berezi betean izan da Zumarte Musika Eskola. Ez baita gutxiagorako, lau hamarkadako ibilbidea osatu du Usurbilgo musika eta musikarien komunitateak.
Larunbat honetan amaitu da ziklo emankor hau, orain artekoari soinu-banda jarrita. Izan ere, ibilbide musikatu batekin amaitu du Zumartek 40. urtemugako ospakizun sorta gaur bertan.
Musika eskolak sorreratik gaur arte egin duen bidea, herri egitasmo honek izandako garapen oparoa irudikatu dute, herriko kaleetan barrena eginiko zeharkaldi musikatuaren bidez.
Zumarte osoaren parte hartzea
Ibilbidea apropos diseinatua zuten, Zumarteren historiari ezin lotuagoa zen, abiapuntutik bertatik hasita. Izan ere, udaletxe atarian ekin diote. Egun ez dagoen udaletxe ondoan zuen egoitza, musika eskolaren historia abiaraziko zuen Usurbilgo txistulari taldeak. Eta hantxe sortu zuten musika eskola izango zena, Iñaki Mujika, Jexus Pagola eta Roman Manterola hirukoteak eta haien irakasle Juan Krutz Atxegak. Mujika, Pagola eta Manterola ekitaldi hasieran bertan izan dira eta baita ere gerora urte luzez egin moduan, txistua jotzen.
Gaurko ibilbide musikatuan gida lanak egin dituzten Zumarteko kide Lur Irazusta Martínek eta Pello Ibargoyen Álvarezek egin dizkigute gida lanak. Haien eskutik, Zumarteren historiaz blaitzeko aukera izan da ekimenaren hasieratik amaierara. Bidelagun gehiago batu zaizkie ibilbidean zehar. Hainbat geltoki izan ditu gidatua izan den ekimenak.
Hain zuzen, haien azalpenak musikatu dituzte Zumarteko kideek ibilbideko geltoki guztietan: saxo taldeak frontoian; trikitixa eta pandero, txalaparta eta alboka taldeek Artzabalen; eskusoinu eta biolin taldeek, Musika Txokoa eta Musika Mintzairakoek Askatasuna plazan; abesbatzek Zumetaren txoriak zintzilikatuak dituen Kale Nagusiko eraikinean; eta, azkenik, taldeek Zumarte Musika Eskolaren egoitza berrian.
"Espero dezagun, gutxienez beste 40 urtez ere hemen egotea", adierazi dute amaieran Zumarte Musika Eskolako kideek. Urte hauetan guztietan bidelagun izandakoak eskertuz amaitu dute ibilaldia. Azken eskertza herriarentzat izan da; "zuei guztioi, komunitateari, musika ez litzatekeelako ezer zuok gabe. Mila milesker".