Bukaera hunkigarria izan du aurtengo bosgarren Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioak. Izan ere, iaz zendutako antolakuntza taldeko kide bat omentzeko baliatu dute, amaieran frontoian egindako sari banaketa ekitaldia; Juanlu oroitzeko hain zuzen.
Ekimen solidario honen antolatzaileetako bat izan zen iaz zendu zen arte. Horregatik, gaurkoan, aipamen berezia egin nahi izan diote lasterketaren azken txanpan. Azaldu duten moduan, "Uxue Trail antolatzeak berebiziko lana eskatzen du eta horretarako, ezinbestekoa da lantalde on bat izatea eta hori badu Uxueren Lagunak elkarteak".
Elkarteak, ordea, kide bat gutxiago du egun. "Izan ere, Juanlu pasa den urtean joan zen gure artetik. Bere esku zegoen guztia egiten zuen pertsona zen, talde lanean ibiltzen zekiena eta beste askok bezala, proba honen antolaketa arduraz hartzen zuena eta bihotzez sentitzen zuena". Hala oroitu nahi izan dute.
"Funtsezko kidea"
Juanluren bi lagunmin, Sergio Rodriguez eta Joseba Iparragirre igo dira oholtza gainera. Uxueren aita Goio Martinen eskutik merezitako oroigarria jaso dute biek. "Juanlu gure lantaldeko funtsezko kidea zen. Beti oroituko dugu bere irribarreagatik. Bosgarren edizio hau izan dadila eskainia berarentzat gure kariñoarekin. Dagoen lekuan dagoela ere aurki dezala hemen baino lasterka egiteko toki gehiago".
Oroigarri banaketarekin, Juanluri zuzendutako azken hitzekin eta txalo zaparrada artean amaitu dute omenaldia. "Zauden lekuan zaudela, Juanlu gurekin zaude".