Bi protagonista izan ditu, igande honetan, ekainaren 15ean egindako bosgarren Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioak; eguraldia eta parte hartzea. Uda giro betean egin izan diren aurreko lau edizioen ostean, euria heldu da bosgarrenera. Gogotik aritu da bereziki lehen orduetan, lasterketa hau hasi den unean. Halere ez du ekimen hau eta haren aldeko elkartasuna zapuztu.
Gogoan izan, lau modutan parte har zitekeen elkartasun ekimen honetan; dortsal solidarioa eskuratu, Uxue Paseoan erriberako buelta oinez egin edota bi distantzia ezberdinetako Uxue Trail Motzean (11,5 kilometro) eta Luzean (20 kilometro) parte hartu zitekeen. Txandaka abiatu dira modalitate guztiotako parte hartzaileak igande goiz honetan. Goiztiarrenak 9:00etan frontoitik; Uxue Trail Luzeko korrikalariak. Ordu-laurden geroago hasi dira lasterka Uxue Trail Motzekoak. 10:00etan lasaiago, tipi-tapa, hainbat lagun taldeek eta familiek, Uxue Paseoari ekin diote aterkipean. Izan ere, euria izan dute guztiek bidelagun; bai Andatzari lasterka itzulia eman diotenek baita erriberako buelta oinez egin dutenek ere.
Marka berria
Parte hartzean dago hain zuzen, eguraldiaz gain, gaurko Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioan nabarmendu beharreko bigarren datua. Parte hartze marka hautsi du aurtengo edizioak. Aurrekoetan 600en bueltan bazen, aurtengoan 700etik gorakoa izan da.
Antolakuntzak zabaldutako sailkapeneko datuak aintzakotzat hartuta, Uxue Trail Luzean 74 lagunek amaitu dute proba baina lau lagun gehiago izena emanda zeuden. Uxue Trail Motzean parte hartutakoek laukoiztu egin dute distantzia luzeenean korrika irtendakoen kopurua. Kasu honetan, 230 izan dira helmugara iritsitakoak.
Zenbaki horiei, Uxue Paseokoak batu behar zaizkie. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 300etik "oso gora" izan dira modu horretan, ekimen solidarioarekin bat egindakoak. Eta, azkenik, ez oinez, ez korrika soilik, gaurkoan modu zuzen horretan parte hartzerik ez zutenek, dortsal solidarioa ere eskura zezaketen. 30etik gora izan dira bide hau hautatu dutenak.
Ikerketarako
Jasotako laguntzaren bidez, gogoan izan, Uxue Martin herrikideak duen "Phelan-McDermid Sindromea" ezagutarazi eta gaixotasun arraro hau ikertzen jarraitzeko dirua biltzen segi nahi du Uxueren Lagunak elkarteak. Aipatu eritasun horri buruzko informazio gehiago, http://www.22q13.org.es/ atarian jaso dezakezue.