Atzerako kontaketa betean gara jada. Udan ofizialki sartzear gara eta horrekin, festa giroan murgiltzear gaude. Dakizuenez, ohi bezala, Kalezarren ekingo zaio urte garai honetako jaien denboraldiari. Ekainaren 19tik 24ra ospakizun betean izango da auzoa.
Gero, Usurbilek hartuko du festen lekukoa. Ohi bezala, norbanakoak eta eragileak batzen dituen jai batzordeak hartzen ditu herriko jaiei lotutako erabaki guztiak. Otsaileko lehen asanbladan adosten dute noiztik noiz arte izango diren. Aurten, uztailaren 1etik 6ra ospatuko ditugu.
Barne lanketari ikusgarritasuna
Egutegia eskuartean bi aste eskas baino ez dira geratzen jada jaien zurrunbiloan barneratzeko. Momentuz, jaiak noiz izango diren eta haien iraupena zenbatekoa izango den baino ez da jakinarazi. Gainerako beste hainbat xehetasun gaur ezagutaraziko ditu jai batzordeak. Izan ere, astelehen honetan, ekainaren 16an, Usurbilgo festen jendaurreko aurkezpen ekitaldia deitu du arratsaldeko 18:00etan Mikel Laboa plazan.
Iaz egin zuten estreinakoz izaera horretako hitzordua, jai batzordeak hilabeteetan egindako lana eta bilgunea bera ikusgarriago egitea ahalbidetu zuena. Bertan eman zuten ezagutzera, nortzuk emango zieten hasiera Usurbilgo festei. Gogoan izan, orduko hartan, adineko emakume zaintzaileak izan ziren. Ekitaldien berri emandako egitaraua nork diseinatu zuen ere jakinarazi zen. Iazko lehiaketa Ane Ibargoienek irabazi zuen.
Festek izango zituzten hitzordu nagusiak ere aurkeztu zituzten edota jaien bueltan bideraturiko hainbat lanketa ere bai.
2025. edizio honi begirako hauetako hainbat xehetasun ezagutuko ditugu gaurko aurkezpen ekitaldian; astelehen honetan, ekainaren 16an, arratsaldeko 18:00etan Mikel Laboa plazan.