Aurtengoan ere, Usurbilgo udaletxeko balkoia jendez gainezka ikusiko dugu herriko festen hasieran. Ezingo dute protagonista guztiek bertan kabitu eta ordezkaritza talde bana izendatu beharko dute ziur. Izan ere, Usurbilgo jai batzordeak hautatu ditu Santixabelak abiarazteko ohorea izango dutenak.
40 urteen harira
Pertsona, eragile edo kolektibo bat izaten da normalean jaien hasierako suziria pizten duena. Aurten, ordea, bi izango dira, merezimendu hau jaso dutenak. Biek ala biek berrogei urte bete dituzte eta azkenaldian sarritan izan ditugu mintzagai, ospakizun urtea izan baitute honakoa.
Zumarte Musika Eskolari eta Ziortza Gazte Elkarteari buruz ari gara. Aisialdian, musika sorkuntzan, heziketan eragiten diharduten bi eragileok elkarrekin ekingo diete jaiei ofizialki, uztailaren lehenean, arratsaldeko 19:00etan udaletxeko balkoitik.
Hala jakinarazi du jai batzordeak astelehen arratsalde honetan, ekainaren 16an Mikel Laboa plazan eginiko festen jendaurreko aurkezpen ekitaldian. Santixabelei lotutako antolakuntza lanak eta ospakizun ziklo honi lotutako erabaki guztiak hartzen dituen herri bilgune hau izaten da urtero txupinazoa nork edo nortzuk jaurtiko duten adosten duena. Azken urteotan, aurrez herri mailan egiten duten galdeketan oinarrituta erabakitzen dute.
Izan ere, online bidez edota udal zerbitzuetan jarritako ontzietan herritarrek txupinazorako hautagaiak proposatzeko eta haien zergatiak azaltzeko aukera izaten dute. Aurtengoan ere hala izan da. Jai batzordeak gaurko aurkezpen ekitaldian adierazi moduan, apirilaren 23tik maiatzaren 23ra bitarte, guztira 59 boto eta 34 proposamen jaso dituzte. Haien guztien artean, 40. urtemuga betean diren Ziortzaren eta Zumarteren alde egin dute, "40 urte horien eskertza eta egindako lanaren aitortza egiteko".
Soka-dantzan
Adi, misio bikoitza izango dute Zumartek eta Ziortzak datozen jaiotan. Festei hasiera ofiziala emango diete uztailaren lehenean eta biharamunean, uztailaren 2ko Santixabel egunez dakizuenez soka-dantza eskaintzen diote herriari udal ordezkariek. Urtero, herrikide eta eragile hainbat gonbidatzen ditu udal gobernu taldeak haiekin dantzara. Aurten, berrogei urte betetako Zumarte eta Ziortzakoak animatu dituzte. Hala egin zuten, txupinazoa pizteko ardura haiena gazte elkartearena eta musika eskolarena izango zela jakin aurretik. "Ziortza zein Zumarte herritar ugari biltzen dituzten taldeak dira eta lan andana egiten dute nork bere eremuan. Beraz, dudarik ez da merezitako aitortza jasoko dutela Santixabeletan ere", iragarri dute jai batzordetik.
Usurbilgo jaiei hasiera emandakoak
2002 Iñaki Urkia.
2003 Egin eta Egunkariako langileak.
2004 Alustiza.
2005 Amaia Zubiria.
2006 Antzerki taldea.
2007 Amador Granados.
2008 Juan Mari Torrealdai eta Olatz Altuna.
2009 Eskubaloi eta Judo taldekoak.
2010 Helduen danborradako kideak.
2011 Usurbil Zero Zabor.
2012 Atzegiko kideak.
2013 DYAko kideak.
2014 Eskubaloiko nesken taldea.
2015 Kilometroak.
2016 Dantza taldea.
2017 Hurbilago.
2018 Gaztainak erretzen ibiltzen den koadrila.
2019 Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi.
2022 Odol-emaileen elkartea.
2023 Gazte mugimendua.
2024 Adineko emakume zaintzaileak.
2025 Ziortza Gazte Elkartea eta Zumarte Musika Eskola.