Usurbilgo jaiak

Buruhandiak protagonista, Unai Lopez Collantesek diseinaturiko egitarauak

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 16a, 20:20

Egitarau diseinu lehiaketako txapelduna ezagutarazi du jai batzordeak astelehen honetan eginiko Usurbilgo jaien jendaurreko aurkezpenean. Albiste honi atxikitako argazkian duzue egilea eta bere diseinu lanaren azala. Unai Lopez Collantes herrikidea da bera. Astearte honetan banatuko dute egitaraua etxez etxe.

 

Labetik ateratzear da Usurbilgo festen egitaraua! Ordu gutxi batzu barru jakingo duzue zehazki, noiz zer izango dugun datozen Santixabeletan. Dakizuen moduan, uztailaren 1etik 6ra ospatuko dira herriko jaiak; ohi bezala, aldez aurretik, girotzen hasteko ekainaren 30erako programatu dituzte lehen ekintzak.

Lehen xehetasunak astelehen honetan, ekainaren 16an, Mikel Laboa plazan eginiko jendaurreko aurkezpen ekitaldian eskaini ditu jai batzordeak. Hasteko, egitaraua astearte honetan bertan, ekainaren 17an hasiko dira banatzen etxez etxe. Adi, beraz, zuen postontziei. Egitarauaren mamiaz baina baita itxuraz ere aritu dira.

Landua, argia, sortzailea, irudiaren indarra...
Itxura, diseinua bera, dakizuenez lehiaketa bidez erabakitzen du aipatu herri bilguneak. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Apirilaren 23tik maiatzaren 23ra finkatu zuten lehiaketara sorkuntza lanak aurkezteko epealdia. Tarte horretan, jai batzordeak gaurko aurkezpen ekitaldian zehaztu duenez, "lau egileren sei lan jaso dira". Izatekotan batena hautatu behar zuten eta albiste honi atxikitako argazkiko sortzailearena izango da datozen festen egitarauak izango duen diseinua. Bera Unai Lopez Collantes da.

Bere diseinu lanaren azala erakutsi dute gaurkoan tamaina handian. Usurbilgo Lauburu konpartsa sei buruhandi berrirekin indartuko dutela berri eman duten urte honetan, hala egokitu da. Berak nobedade horien berri izan gabe, buruhandiei eman die protagonismoa egitarauaren azalean. Jai batzordeak honako ezaugarriok hartu ditu kontuan Lopezen lan ederra lehiaketako txapelduntzat jotzerako garaian; "landua izatea, argia izatea, kolore deigarriak izatea, sortzailea izatea, azalaren eta barruaren arteko koherentzia eta irudi indartsua izatea. Zorionak Unai!", adierazi diete jendetsua izan den ekitaldikoen txalo artean sarituari. Egitarau diseinu lehiaketako oinarriek zehaztu moduan, 500 euroko ordainsaria eskuratu du Lopezek.