Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko lanean ari den udalerria dugu aspaldi honetan, alor guztietan gainera, baita ate joka ditugun festetan ere. Azken urteotan, hainbat ekintza bideratu dira zaintza behar duten pertsonei zuzenduak bereziki edota haiek lehenetsiko dituzten ekitaldiak txertatzen joan dira. Horrez gain, zenbait ekitaldi herri honetako zaintza guneetatik ere igaro edo abiatu izan dira.
Ildo horretan sakonduko dute ekainaren 30etik bertatik hasita uztailaren 6ra arte luzatuko diren herriko festek. "Aurten ere, Santixabelak zaintzaileak izan daitezen, aurreko urteetan hasitako bideari eutsi diogu", berri eman du jai batzordeak gaur Mikel Laboa plazan eginiko aurkezpen ekitaldian. Esaterako, aurreko edizioen antzera, uztailaren 4an ospatuko den Haurren Egunaren baitan, txutxu trenean ibiltzeko aukera izango dugu goizez eta arratsaldez. Baina eguneko lehen ordua, Eguneko Zentroko eta Artzabalgo helduentzat erreserbatua egongo da.
Askotariko ekintzak
Hitzordu gehiago ere izango dira. Haietako baten kasuan, iaz izandako arrakastari jarraiki, esperientzia errepikatzea erabaki dute aurtengoan. Festei begira, girotzen hasteko, iaz Sutegin proiektaturiko "1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte" izeneko bideoa eskainiko dute lehenik eta aurten, berritasun gisa, gainera, "Usurbil 1991ko Sagardo Eguna" mugimenduzko irudietan ikusteko aukera izango da baita kultur-etxeko auditorioan. Bi ikus-entzunezko lan hauek bitan eskainiko dituzte Sutegin, ekainaren 30ean; arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan hain zuzen.
Hitzordu gehiago ere izango dira, esaterako, jubilatuen bazkaria. Uztailaren 4rako programatu dute aurtengoan, ostiralarekin batera, 14:00etan Atxega jauregian. Adi, bertara joan asmo duzuenontzako udal gizarte zerbitzuen sailetik helarazi diguten oharrari. Txartelak ostegun goiz honetan, ekainaren 22an, 10:00etan jarriko dituzte salgai, gizarte zerbitzuen egoitzan bertan eta hiru jubilatuen elkarteetan; hau da, Usurbilgo Gure Pakean, Santueneko Gure Elkartean eta Aginagako Arraten. Hilaren 24ra arte izango dituzte salgai.
Ez da hor amaituko jai zaintzaileagoak izateko herriko festek izango duten islada. "Adinekoentzat gustukoak izaten diren ekitaldiak egokiak diren ordutegietan jartzeko saiakera egin da", nabarmendu dute.
Ordu lasaiak feriagunean
Jaietan zaintza eremu gehiagotan ere nabarmenduko da aurten; esaterako, anbulatorio ondoko aparkalekuan kokatuko den urteroko feriagunean. Ordu lasaiak tartekatuko dituzte zabalik izango diren festa hauetan, zehazkiago esanda, bi egunetan; uztailaren 3an (19:00-20:30 artean) eta uztailaren 5ean (12:00-14:00 artean). Tarte horietan, feriagunea "musika eta argi bizirik gabekoa" izango da. Jai batzordetik azaldu dutenez, "zenbait eskaera jaso izan dira eta zenbait herritan egin dela ikusita, Usurbilen ere ordu lasaiak ezartzea erabaki da".
Bestelako ohar bat ere plazaratu du jai batzordeak feriaguneari lotutakoa; prezioena hain zuzen. "Aurten ere autotxokeak ekartzea lortu dugu", berri eman du jai batzordeak eta hori entzun bezain laster txalo zaparrada entzun da festen aurkezpen ekitaldiaren eremuan. Ohartarazi dutenez, ordea, "zoritxarrez, prezioak igo egin dira". Halere, jakinarazi dutenez, ferialariekin hitzarmen bat sinatzea" lortu dute "hurrengo hiru urteetan prezioak mantentzeko".
Aurtengoari begira, aurreko edizioen ildotik bi egunetan prezio bereziak finkatu dituzte; Umeen Eguna izango den uztailaren 3an eta festak amaitu osteko astelehenean, uztailaren 7an. Jaiak beti feriagunean amaitzen baitira.