Jaietarako atzerako kontaketa betean gaudela nabari da. Bi aste eskas baino ez dira geratzen Usurbil astebeteko parranda giroan murgiltzeko. Izan ere, uztailaren 1etik 6ra ospatuko ditugu aurtengo herriko jaiak. Girotzen hasteko, gainera, lehen hitzorduak ekainaren 30erako programatu ditu jai batzordeak.
Ikusgarritasuna auzolanari
Otsailaz geroztik xehetasun guztiak prestatzen aritu da, antolakuntza lanetan ekarpenak egin asmo dituzten norbanako zein eragileak elkartzen dituen bilgunea. Jai Batzordean hartzen dira festei lotutako erabaki guztiak. Bertan adostu zuten jaien iraupena edota hilabeteotan eginiko bileretan zehaztu dute egitarauko edukia.
Lau hormen barruko lanketa plazaratzen hasi ziren iaz eta ekimenak izandako harrera bikaina ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. Festak iragartzeko hitzordua izanik eta jai batzordeaz ari garela kontuan izanda, ospakizun giroan plazaratu dira bilguneko ordezkariak. Trikitilari eta panderojoleekin etorri dira Sutegitik gora astelehen honetan, 2025eko Santixabelak aurkezteko Mikel Laboa plazan antolaturiko ekitaldira. Ikusgarritasuna eman diote auzolanean bideraturiko hilabeteotako lanketari eta ikusgarritasuna eman die baita jai batzordeko kideei ere.
Koadrodun zapia prestatu
Estilo berean eman dizkigute datozen festen nondik norako nagusien berri. Jai batzordean ordezkatuak dauden norbanako eta eragileetako ordezkariek parte hartu duten hitzorduan mezu argia helarazi nahi izan diote Usurbilgo herriari; "primerako festak ditugu ate joka".
Horregatik, herri osoa gonbidatu nahi izan dute festa girora, "koadrodun zapia jantzi, festetan parte hartu eta ondo pasatzera. Gora santixabelak!" goratuz eta txalotuz borobildu dute ekitaldia. Trikiti doinuekin hasi eta bukatu dute hitzordua.
Egitaraua jasotzear
Astearte honetan, ekainaren 17an etxez etxe banatuko duten egitarauan izango dituzue zehatz-mehatz azalduak uztaileko lehenengo astean izango ditugun ekitaldi guztiei buruzko xehetasunak. "Ekainaren 30etik uztailaren 6ra adin eta gustu guztietako ekintzak antolatzen saiatu gara", berri eman du jai batzordeak gaurko aurkezpen ekitaldian.
Aurreratu dutenez, "hainbat estilotako musika kontzertuak izango ditugu; Tapia eta Leturia, Janus Lester, Viafara, La Txama, dj ezberdinak, "México Lindo" mariatxiak, Laket eta halako taldeak". Hori musika eskaintzari dagokionean. Baina askoz gehiago ere izango da aste horretan. "Santixabeletan falta ezin diren ekitaldiak ere izango ditugu; Bertsio Gaua, karaokea, bertso saioa edota jubilatuen bazkaria. Horrez gain, kirol ekitaldiak izango ditugu, besteak beste, herritarren arteko herri kirolak, toka txapelketa, ginkana edota pala txapelketa".
Eta askoz gehiago. Adi, astearte honetatik aurrera zuen postontziei.