Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek mobilizatzera deitu dute berriz; besteak beste, eskualde hau ordezkatua dute eta oraingoan, Gipuzkoa mailako elkarretaratzea antolatu dute Usurbilek mugakide duen Lasarte-Orian. Ostegun honetan izango da, ekainaren 19an, arratsaldeko 18:30etan bertako San Pedro elizan alboan, Elizatze plazan. "Indartu eta defendatu dezagun gure osasun publikoa! Promesa gehiagorik ez! Egiazko konponbideak, orain!" aldarripean egingo dute etziko elkarretaratzea.
Deitzaileek nabarmendu dutenez, "osasun publikoa indartzeko, promesak baino inbertsio handiagoak eta hobeak behar dira, Lehen Arretari lehentasuna emanez". Lehen Arreta zergatik lehenetsi behar den azpimarratu nahi izan dute herri plataforma hauek; "bidezkoena den eredua delako, prebentzioan eta osasunaren sustapenean oinarritzen delako, gastu txikiagoa sortzen duelako, arreta hobea eskaintzen duelako eta sistemaren iraunkortasuna bermatzen duelako eta beren profesionalen lan-baldintza ezegonkorrak duintzeko".
Horregatik elkarretaratzearekin bat egiteko deia egin dute. Izan ere, deitzaileen esanetan, mobilizatzeko hamaika arrazoi daude; haien artean, "pribatizazioari aurre egiteko. Euro bakar bat ere ez klinika edo enpresa pribatuei; Lehen Arreta indartzeko, bai giza baliabide eta bai baliabide ekonomiko nahikorekin; osasun langileen lan baldintzak hobetu eta ezegonkortasunari aurre egiteko; osasungintzaren kudeaketa garden eta parte hartzaile baten alde" aritzea.
Osasun publikoa indartzeko elkarretaratzea
Eguna: ekainak 19, osteguna.
Ordua: 18:30.
Tokia: Lasarte-Oriako San Pedro elizaren aurrea (Elizatze plaza).
Zehaztasunak: "Indartu eta defendatu dezagun gure osasun publikoa! Promesa gehiagorik ez! Egiazko konponbideak, orain!", aldarripean Gipuzkoa mailako elkarretaratzea deitu dute ekainaren 19an Lasarten.
Deitzailea: Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.