Aspaldiko edo inoizko Udajolas goiztiarrenari ekiteko geroz eta gutxiago geratzen da. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko eskaintza abiatzear duten honetan, aurrez bideratu ohi dituzten prestaketen baitan, guraso bilera egin dute astearte arratsalde honetan, ekainaren 17an, Sutegiko auditorioan.
Izena emana duten 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoen gurasoek beharrezko argibideak jasotzera bideratzen da saio hau. Gaurkoan, kultur-etxeko auditorioan eginiko saioan, haietako hainbat izan dira deitzaileek finkaturiko hitzorduko xehetasunak jasotzen.
Udajolas, haur eta gaztetxoak lagunartean harremantzea ahalbidetuko die euskaraz biziko duten aisialdi eskaintza honek. Jolasen bidez, ondo pasatzea du xede, ohitura osasuntsuak sustatzearekin batera. Izan ere, hezkuntzan eragin nahi du baita ekimen honek. Eskolaz kanpoko egitasmo bati buruz ari gara, baina arlo horretan eragiteko "eremuok ere oso garrantzitsuak" direla nabarmendu dute Sutegin. Laburbilduz, "Udajolasen helburua Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, gure hizkuntza den euskararen normalizazioa bultzatzeko".
35 hezitzaileko lantaldea
Zenbakiei erreparatuz gero, antolatzaileek nabarmendu duten moduan, iaz goia jo zuela zirudien, baina ez da halakorik gertatzen ari. Izan ere, duela urtebete 4-12 urte arteko 212 haur eta gaztetxok eman zuten izena 2024ko Udajolasen. 2023ko parte hartze marka hautsi zen eta aurten berriz gainditu da muga hori. Guztira, 230 izan dira izena emandakoak. Goia jo ezinik da, beraz, udako aisialdiko eskaintza hau.
Adin tarteka izandako izen-emate kopurua aintzakotzat hartuta, bi multzotan banatu dituzte aurtengo parte hartzaileak; batetik, HH eta LH 1.mailakoak, eta, bestetik, LH 2-6 artekoak. Hala, guztira 102 haurrek eman dute izena lehen multzoan (HH-LH1). Haiekin guztiekin hamalau talde osatu dituzte eta hamasei hezitzaile ariko dira lanean, koordinatzaile batekin batera.
LH2-6 arteko multzoak 128 gaztetxo elkartuko ditu. Haiekin guztiekin hamahiru talde osatu dituzte. Hamalau hezitzaile ariko dira lanean haiekin, koordinatzailearekin batera.
Kopuruoz jabetzeko beste datu bat; aisialdiko begirale edota zuzendari izateko titulua eskuratzeko ahaleginean ari diren hiru gazte arituko dira praktikaldian. Guztira, honenbestez, 35 hezitzaileko lan taldea osatu dute aurtengo Udajolaserako. Lantaldea martxan dagoela jada jakinarazi die antolakuntzak Sutegin bildutako gurasoei. Urtero moduan, aldez aurretik hasten dira bilerak egiteko programaketak osatu edota formazioa jasotzen. Aurten, bereziki ekintzei erreparatzeaz gain, talde kohesioan jarri dute arreta.
Taldeak osatu dira adin tarte bakoitzean, baina "elkarrekin ibiltzen dira denak" geron antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Udajolas goiztiarrena
NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolaturiko ekimen hau abiarazteko atzerako kontaketa abian da honenbestez, gaurko guraso bilera igaro ostean. Aurreko asteotan iragarri moduan, inoiz baino goizago ekingo zaio aurtengo Udajolasi. Izan ere, aurreko edizioetan Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean abiatu izan da. Aurten, ordea, ekainaren 30ean hasiko da, astelehenarekin, uztailaren 1ean ere Udajolas egongo da. Baina gero, egun horietan ospatuko diren herriko festak tarteko, hilaren 2tik 4ra ez da Udajolasik izango.
Uztailaren 7an itzuliko da berriz euskarazko aisialdiko ekimena. Uztailaren 30era arte astelehenetik ostiralera eskainiko da Udajolas, goiz partean eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Ostegunetan, aldiz, egun osoko irteerak egingo dira aurreko urteetan bezalaxe. Egun horietan 16:30etan emango zaio amaiera Udajolasi.