Donostiako ospitalean doako parkingaren alde sinatzeko aukera egunotan anbulatorio atarian

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 17a, 15:53

Donostiako ospitalean guztiontzako doako aparkaleku duina exijitzen ari den Doako Parkinga Denontzat plataformak eskaera hau bideratzeko sinadura bilketari ekin dio berriki. Sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute asteazken eta ostegun goiz honetan, ekainaren 18an eta 19an hurrenez hurren, 9:30-12:00 artean, Usurbilgo anbulatorio atarian.

Urte hasieratik doako parkinga eskatzen ari dira denontzat, langile zein osasun zerbitzuon erabiltzaileentzat. Batzuk zein besteak "nazkatuta gaude ospitaleko aparkalekuaren egoera jasanezinarekin", salatu zuten otsailean. Egun haietan aurkeztu zuten Doako Parkinga Denontzat dinamika. Izan ere, agerikoegiak dira Donostia ospitalera heltzeko bertan aparkatzeko dauden zailtasunak.

Doako parking duin hau Osakidetzari bermatzea exijitzeko sinadura bilketari ekin diote berriki. Hilabete hasieran, Donostia ospitaleko 2.412 langileren atxikimenduak bildu zituztela jakinarazi zuten. Erabiltzaileei sinadura bilketa ekimenarekin bat egitera deitu zuten.

Sinatzeko ondoko karteleko QR kodea balia dezakezue edota esteka hau: Sinatzeko sakatu hemen. 


Online soilik ez, presentzialki ere sinatzeko aukera eskaini nahi dute aipatu plataformako kideek. Horregatik, egunotan, asteazken eta ostegun honetan, ekainaren 18an eta 19an hurrenez hurren, 9:30-12:00 artean anbulatorio atarian izango direla ohartarazi dute. "Animatu eta sinatu! Doako parkinga denontzat!", galdegin dute beste behin, deialdi hau sare sozialen bidez zabaltzerakoan.

"Ardura guztia langileengan"
Plataformak salatu duenez, Donostiako Ospitaleak egun ez du "doako eta ganorazko aparkalekurik" ez langileentzat ezta erabiltzaileentzat ere.

Salatu dutenez, protonterapia eta kanpo kontsulten eraikinek ez dute aparkalekurik ez langileentzat ezta erabiltzaileentzat ere. Dagoeneko 2412 sinadura bildu dituzte langileen artean, eta erabiltzaileei dei egiten diete aparkalekuaren aldeko borrokan gehitzera. 

Duela hilabete salatu zutenez, Osakidetzak eskainitako alternatibak ez dira errealak, "behin behineko neurriak" direlako eta ez duelako arazoa errotik konpontzen. "Ardura guztia" langileengan utzi izan nahi du. Osakidetzak, Ilunbe eta Ospitaleko autobusak murriztuko zituela mehatxatu zien langileei jende gutxik erabiltzen zituelako.