Iazko urrian udalbatzak hasieraz (gerora behin betiko) onartu zituen 2025eko ordenantza fiskalak. Udal gobernu taldeak hainbat berrikuntza iragarri zituen; horien artean, kirol arloan hain zuzen. Berrikuntzetako bat izan zen gaur prentsaurreko bidez jakinarazitakoa; Kirolari Txartela, uztailean eskatu ahalko dena eta "arazo historiko" bat konpontzera datorrena, pasa den udazkenean nabarmendu eta gaurko agerraldian Xabat Beloki udal ordezkariak eta kirol arloko udal teknikari Libana Taboadak berriz gogora ekarri duten moduan. "Udalak bere zerbitzuak erabiltzeagatik prezio publikoak arautzen ditu ordenantza fiskaletan, eta Kirolari Txartela eskaini ahal izateko beharrezkoa zen prezio publiko gisa definitzea ordenantza fiskaletan".
Aipatu moduan, hala egin zuten iazko udazkenean. 2025eko ordenantza fiskalak indarrean daudenez, Kirol Txartela tramitatzen hasteko garaia badator. Kirolari Txartela urtero uztailaren 1etik 20ra eskatu ahalko da. Abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra arteko indarraldia izango du; urtebetekoa beraz, abonu arruntarekin gertatzen ez den bezala. Izan ere, ohiko abonua urte osorako edo hilabeteka eskuratu daiteke, Kirolari Txartela, aldiz, ez, urte osorako eta abonatu arruntaren %60ko prezioa izango du, "abonuaren iraupena elkarteen ohiko denboraldira egokitu" dute eta.
Kirolari Txartel hau eskuratu ahalko dute "bai Usurbilgo kirol elkarteetan dabiltzanek (eskubaloian, pilotan, futbolean...), Eskola Kirolean izena emanda dauden haurrek (Zirimaran, multikirolean, Zirimara Familian, elkarteetako kirol eskoletan) edo kirol instalazioak erabiltzen dituzten baina kirol erakundeetakoak ez diren partaideek edo antzeko bestelako elkarte zein erakundeetako kideek".
Horren harira, ohartarazi dutenez, "elkarteetako edo klubetako bestelako erabiltzaileek, entrenatzaileek, gurasoek, zuzendaritzek eta abarrek ez dute abonatu beharko instalazioetara sartu ahal izateko, beti ere ez badute kirol erabilerarik egiten; entrenatu, dutxatu...".
"Auzia konpondu nahi genuen"
"Arazo historiko" bat konpondu nahi du Kirolari Txartelak Udalaren esanetan. Izan ere, "gure araudiaren arabera, edozein kirol instalazio erabili ahal izateko beharrezkoa da kiroldegiko abonatua izatea edota bestela alokairua ordaintzea. Araudi hori, neurri batean ez da betetzen eta auzia konpondu nahi genuen". Horregatik, "Kirolari Txartela eskuratzen duenak eskubidea izango du parte hartzen duen elkarteko edo klubeko egutegi eta ordutegietan dagozkion kirol instalazioak erabiltzeko baina ezingo ditu bestelako instalazioak erabili". Hala, adibide honekin azaldu duten moduan, "judo egiten duenak ezingo du gimnasioa erabili".