Donostia ospitaleak doako aparkaleku duina izateko sinadurak biltzen egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 18a, 07:18

Doako Parkinga Denontzat plataformak dituen Usurbilgo kideek herrira ekarri dute abian duten sinadura bilketa kanpaina. Ekimen horren bidez, Donostia ospitaleak doako aparkaleku duina izatea eskatzen ari dira. Asteazken eta ostegun goiz honetan, ekainaren 18an eta 19an hurrenez hurren, anbulatorio atarian izango dira atxikimenduok biltzen, 9:30-12:00 artean. Bestela, esteka honetan ere sina dezakezue: "Doako Parkinga Denontzat".

Ez da gaurko arazoa, baina jasanezina bilakatu dela salatzen ari dira azken hilabeteotan. Izan ere, Donostia ospitalera doana lanera nahiz paziente gisa hitzorduren bat izateagatik, garaiz heltzeko aparteko ahalegina egin beharrean da, ez baitu inolaz ere bermatua osasun zerbitzuon eremutik gertu aparkatu ahalko duenik. Beraz, ohikoa da, pazienteen kasuan, esaterako, ospitale atarian utzi beharra, laguntzen ari zaion gidaria aparkatzeko toki bila joan ahal izateko, edota bigarren laguntzaile baten beharra izatea, bere kabuz ospitalera sartu ezin badu.

Aipatu moduan, ez dela gaurko arazoa salatu dute hilabeteotan, urte hasieran osaturiko Doako Parkinga Denontzat herri plataformak. Baina jasanezina bilakatu dela diote, "ospitaleko aparkaleku nagusian protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzearen ondorioz". Testuinguru horretan, onartezintzat jotzen dute "ospitale batean aparkaleku nagusia ordainpekoa izatea, edo ezin aparkatzeagatik kontsultak galtzea, gertatu den moduan".

Egoera horretan, "eskainitako aukerak oso eskasak izan direla" salatu dute. Osakidetzak "enpresa pribatuen onurak" lehenesten dituela salatu du herri plataforma honek, "pazienteen eta langileen eskubideen gainetik. Bestetik, gatazkaren aurrean eskaintzen diren alternatibak ez direla benetakoak".

Horregatik eskatzen diote Osakidetzari "Donostia Unibertsitate Ospitaleko langile eta pazienteentzat doakoa izango den aparkaleku alternatiba eskaintza erreala egitea".

Anbulatorio atarian
Eskaera hau bideratzeko sinadura bilketari ekin dio Doako Parkinga Guztiontzat herri plataformak. Alde batetik, dagoeneko Donostia ospitaleko 2.412 langileren atxikimenduak bildu dituzte eta horiek entregatu dituzte. Baina sinadurak biltzeko ekimen hau herrira zabaldu nahi dute. Herritarren babesa jaso nahi dute, guztioi eragiten digun egoera izanik. Horretarako, online eman daiteke sinadura esteka honetan: "Doako Parkinga Denontzat". Dagoeneko asteazken goiz honetarako, ekainaren 18rako, 3.268 sinadura bilduak zituzten.

Baina atxikimenduok presentzialki emateko aukera ematea ere bermatu nahi dute. Horretarako, bilgune honetan dauden zenbait herrikideek Usurbila ekarri dute ekimen hau. Asteazken eta ostegun goiz honetan, 9:30-12:00 artean, anbulatorio atarian izango dira sinadurak biltzen. Asteazken goiz honetan bertan, hainbat herritar gerturatu dira jada sinatzera.

Oraindik ez dute zehaztua, baina datozen asteotan egun gehiagotan ere sinadurak biltzeko mahaia jartzeko asmoa dute.