Beroagatik abisu horian datozen egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 18a, 08:26

Beroagatik abisu horian izango gara ostegunean eta ostiralean.

Urte garai honi dagokion moduan, bero egunak datozkigu. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 27 graduko tenperatura izan dezakegu asteazken honetan, ekainaren 18an Usurbilen. Are bero handiagoa egin dezake, ordea, hurrengo egunotan. Ostegunean, 29 gradu inguruko tenperatura izango dugula iragartzen ari da aipatu meteorologia agentzia eta ostiralean zein larunbatean, 33 gradu ingurukoa.

Testuinguru honetan, abisu horia ezarriko du hurrengo egunotarako, ostegun eta ostiralerako, hilaren 19rako eta 20rako behintzat bai. Izan ere, "tenperatura altu iraunkorra" tarteko, abisu horia izango dugu indarrean asteazken gauerdi honetatik aurrera, ostegun eta ostiralean egun osoz.

Euskalmet-en arabera, asteazken honetan, hilaren 18an, "eguzkitsu egongo da, goi-hodeien tarte hodeitsuekin arratsaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da, tarte biziekin. Tenperatura gutxi igoko da".

Ostegunean, "goiz-lanbroa" izango dugu. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin; egunaren bigarren partean bero-hodeiak izango dira. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerditik aurrera iparraldera aldatu eta ahul ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Ostiralean ere "goiz-lanbroa" izango dugu. "Hauts-gandua izan daiteke. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goizaldean erdi mailako hodei eta goi-hodeien tarte batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerditik aurrera brisa ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.