Urte garai honi dagokion moduan, bero egingo du datozen ordu eta egunotan. Tenperatura altu iraunkorragatik abisu horian izango gara ostegun eta ostiral honetan, ekainaren 19an eta 20an egun osoz, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez.
Ostegun honetan, Usurbilen 30 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu, 32 gradukoa ostiralean eta 33 gradukoa larunbatean.
Giro honekin, gaur, udalerri honetan, Euskalmet-en arabera, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin; egunaren bigarren partean bero-hodeiak izango dira. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerditik aurrera iparraldera aldatu eta ahul ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".
Ostiralean, "goiz-lanbroa. Hauts-gandua izan daiteke. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goizaldean erdi mailako hodei eta goi-hodeien tarte batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerditik aurrera brisa ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Larunbaterako "goiz-lanbroa" izatea espero da. "Hauts-gandua izan daiteke. Zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da; arratsaldean hodeiak ugarituko dira, bero-hodeiekin. Egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eki/hego-ekialdekoa nagusituz; arratsaldean ipar-mendebaldera aldatu eta ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko da.