Osasungintza publikoa defendatu eta indartzea galdegiteko mobilizatu dira

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 19a, 20:34

Osasungintza publikoa defendatu, murrizketak eta pribatizazioa salatu eta guztiontzako oinarrizkoak diren zerbitzuak indartzea eskatzeko mobilizatu dira ostegun arratsalde honetan, ekainaren 19an, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituta Lasarten egindako Gipuzkoa mailako elkarretaratzean.

Datozen asteetan Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Alberto Martinezek "Osasunaren Euskal Ituna ixteko asmoa" agertu duela adierazi dute. Itun horren lanketa prozesutik aipatu herri plataforma hauek baztertu izana salatu dute. Haien ordez, "osasun pribatuaren defendatzaileak gonbidatuak izan dira".

Izan ere, gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak pribatizazioaren bidean sakondu nahi duela adierazi dute, "ehunka milioi negozio pribatuetara desbideratuz, gardentasunik eta kudeaketaren kontrol publikorik gabe".

Itun horren bidez, "Eusko Jaurlaritzak bere irudia garbitu" nahi duela gaineratu dute, "bere erantzukizuna ezkutatuz" eta xede bikoitzarekin; "denbora irabazteko eta herritarrak desmobilizatzeko". Bien bitartean, "betiko murrizketa- eta pribatizazio-politika berberak aplikatzen jarraitzen duten bitartean; ordutegiak murriztea, osasun-zentroak eta EAGak ixtea, pribatizazioetarako aurrekontua handitzea, medikurik gabeko zentroak, pazienteak beste herri batzuetara joatea, itxaron-zerrendak lotsagabeak, plantillaren behin-behinekotasun handia, aparteko orduen igoera...".

Beste urte batez, uda honi begira murrizketak aplikatzen hasiak direla ohartarazi dute. Horregatik, ziotenez, kontuan hartu behar dela "udan ere gaixotzen garela".

Testuinguru honetan, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek eredu berri bat proposatu nahi dute "osasunari negozioa lehenesten dion eredu neoliberal horren aurrean".

Bederatzi proposamenok plazaratu dituzte gaurko mobilizazioan:
1-Pribatizaziorik gabeko osasungintza %100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa eta pribatizatutako zerbitzu guztiak lehengoratzea.
2-Lankidetza publiko-pribatuko politikak eta aparteko orduak erabat baztertzea.
3-Inbertsioa berehala handitzea, Europako bataz bestekoarekin parekatzeko.
4-Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa lehenestea. Horretarako diru gehiago inbertitu behar da prebentzioan eta osasun sustapenean eta gure osasunari eragiten dioten gizarte-, lan- eta genero-baldintzatzaileen aurkako borrokan.
5-Baliabide gehiago osasun mentalean, arreta soziosanitarioan eta genero-ikuspegia txertatzean, emakumeen osasunean berdintasuna eta ekitatea lortzeko.
6-Plantilla nahikoa, egonkorra eta kalitatezkoa bermatzea.
7-Herritarren parte-hartzea eta kontrol demokratikoa.
8-Baliabide propioak eta kontrol publikoa dituzten itxaron-zerrendak nabarmen murriztea.
9-Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea, erreferentziazko ospitale publikorik gabeko osasun-eremu bakarra.