Zuzenean

Aginaga Biziberritzen egitasmoaren aurkezpena eta azoka gaur, Jakin Jardunaldia borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 20a, 08:53

"Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" Jakin Jardunaldiko azken hitzorduak izango dira ostiral honetan Artzabalen.

Ostegun goizetik gogoetarako eta esperientzien trukerako gunea dugu Artzabal, UEUk, Jakinek eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Jakin Jardunaldiarekin. Aurtengoan, kooperatibismoa hartu dute ahotan. "Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izena du, ostiral eguerdira arte egingo den jardunaldiaren izenburuak.

Azken saioak, gaurko, ekainaren 20rako daude antolatuak aipatu moduan. Nabarmentzeko bi hitzordu izango ditugu. Izan ere, gaurkoan, esperientzia kooperatiboei egingo zaie tokia nagusiki eta hor, tartean, Aginaga Biziberritzen egitasmoari. Aginagan egiten ari diren gisa honetako proiektuaren lanketa prozesuari buruz jardungo dute Jakin Jardunaldian. "Aginaga Biziberritzen Herri Kooperatiba, 2024an eratu zen, eta bazkidetza kanpaina zabaldu berritan, Aginagako etxe bakoitzera heltzeko asmo irmoa dugu!", adierazi dute berriki.

Bada gaur estreinakoz antolatuko duten beste hitzordu bat ere. Ohi denez, sagardoz bustitako toparekin jardunaldia agurtu aurretik,  esperientzia-truke azoka egingo da Artzabal atarian. Bertan, egitasmo kooperatibo ezberdinak ezagutzeko aukera izango duzue.

Gogoan izan, atzo bezala, gaur ere Berriak zuzenean eskainiko ditu Jakin Jardunaldiko azken saioak:

Jakin Jardunaldia
Izenburua: "Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen".
Tokia:
Artzabal.
Zehaztasunak:
"Jardunaldiak kooperatibismo eraldatzaileaz eta egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboaz gogoeta egin nahi du, hala haren pentsamendu-oinarriez, nola Euskal Herriko zenbait praktikak eskaintzen dituzten eredu eta irakaspenez".

Ekainak 20, ostirala
09:30-14:30 Herri kooperatibak eta praktika kooperatibo eraldatzaileak.
9:30-10:30 - Hitzaldia: Herri Kooperatiben ideia politikoa. Beñat Irasuegi Ibarra (Ekonomia Sozial Eraldatzailean aditua, Olatukoopeko kidea).
10.30-11.30 - Solasaldia praktika kooperatiboetako kideekin I:
-Herri Kooperatibak: Bakaikuarrok, Aginaga Biziberritzen.
-Eskualde garapena: Lea Artibai Fundazioa, Biziola gizarte ekimeneko kooperatiba.

Kaferako tartea

12.00-13.00 - Solasaldia praktika kooperatiboetako kideekin II
-Nekazaritza: Garro barazki biologikoen kooperatiba, Aleko nekazaritza test gunea.
-Zaintza: Zaindu Leitzaldea.
13.00-14.15 - Esperientzia-truke azoka (*13.45 Bea Egizabal umoregilearekin azokari itzulia).
14.30 - Amaiera eta Txotxa.

Matrikulazioa eta argibide gehiagorako: ueu.eus
Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.