N634 errepidea, Atxega jauregia eta haren ondoko industrialdea lotzen dituen bidetik igarotzen bazarete, mobilizatuak dauden langileekin egingo duzue topo. Osinalde industriagune sarreran kokatua dagoen Tremefil Izagirreko beharginek lanuzteei ekin diete, ostiral honetan, ekainaren 20an. Lantegi inguruetan eseki dituzten pankartetan irakurri ahalko duzuen moduan, lan hitzarmen duinaren alde ari dira borrokan.
Langileen batzordetik hedabide honi jakinarazi diotenez, gaur hasitako lanuzteei segida emango diete datozen egunotan; zehazkiago esanda, ekainaren 27ra arte bai behintzat. Egunero, lan-txanda bakoitzeko lau orduko lanuztea egingo dute. Gaur egiten ari diren moduan, datorren aste honetan ere, goizez 10:00-14:00 artean finkatu dute lanuztea. Arratsaldeetan beste lau ordukoa egingo dute, 14:00-18:00 artean.
Ez dira hor amaiuko, abiatuko dituzten mobilizazioak. Izan ere, hilaren 27rako akordioa erdietsiko ez balute, ekainaren 30etik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.
Albiste honi atxikia duzue, gaur arratsaldeko 14:00ak aldera atera diegun argazkia. "Negoziaketa orain!" eskatzen dute, lan hitzarmen duin bat izateko.
Igepak
Tremefil Izagirre lantegikoak ez dira lan hitzarmen duinaren alde borrokan dabiltzan bakarrak. Haien parean kokatua dagoen Igepak lantegikoak ere antzeratsu daude. Izan ere, Izagirrekoen lehen lanuzteko argazkia ateratzera joan garenean, Igepak atarian ere hitzarmen eskaera biltzen duen pankarta esekia dute.