Aparejadore eta zerbitzu eta mantenu saileko lanposturako lehiaketa berezia deitu du berriz Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 23a, 08:33

Apirilean egin zuen lehen deialdiko oinarriak zuzenduta, berriz ireki du Usurbilgo Udalak lan deialdi honetan izena emateko epealdia.

Pasa den apirilaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Usurbilgo Udalak aparejadore eta zerbitzu eta mantenu saileko lanpostua betetzeko lehiaketa berezian izena emateko deialdiko oinarriak. Biharamunetik, apirilaren 8tik maiatzaren 2ra zabaldu zuten izena emateko epealdia.

Baina apirilaren 7 hartan kaleraturiko oinarriak zuzendu egin ditu Udalak eta deialdi horren edukia eguneratu eta kaleratu zuen berriz, ekainaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hilaren 20an, Estatuko Aldizkari Ofizialean ere gauza bera egin zuten.

Oinarriok berriz kaleratuta, Udaletik jakinarazi dutenez, aipatu lanpostua betetzeko deialdian izena emateko aukera dute interesdunek gaurtik bertatik, ekainaren 23tik uztailaren 7ra arte. Eskabideok telematikoki bideratu beharko dira, usurbil.eus bidez.

Lanaldi osokoa
Oinarrion xedea da "arautzea Udal Aparejadorea/Zerbitzu eta mantenu saileko burua lanpostua betetzeko lehiaketa berezia, Usurbilgo Udaleko Lanpostuen Zerrendan 4.3. kodea duena. Lanpostu hau funtzionarioentzako gordetakoa da. Postu hau A2 taldean sailkatuta dago eta administrazio bereziko eskalakoa da, azpieskala teknikoa eta erdi mailako teknikarien klasekoa. Lanpostuak derrigorrezko 4. hizkuntza eskakizuna du ezarria, derrigorrezkoa".    

Lanaldi osokoa den udal lanpostu honen misioa, udal aparejadore gisa, "Hirigintza, obrak eta ingurugiroko sailari dagokionez, bere eremu profesionalari dagozkion eta bere ardurapean dauden funtzio eta lizentziei buruzko txostenak egin (obra txikiak, jarduera lizentziak, e.a.) edota arlo horretako espedienteetan parte hartzen duenean, Arkitektoarekin batera koordinazioa bermatu" beharko du.

Zerbitzu eta mantenu saileko buru gisa, "bere ardurapeko arloaren (zerbitzu eta mantenua) eskumenekin loturik dauden gaiei buruzko azterketa, txosten eta aholkularitza teknikoaz arduratu. Zerbitzu eta mantenua arloetan langileei laguntza teknikoa eman dagozkien lanak burutzeko: mantentzea eta lanak, argiztapena, hilerria, ura, estolderia etab".

Informazio gehiago, ekainaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jaso ahalko duzue.