Iragan astean egindakoak harrera ona izan zuela ikusi ostean, berriz jartzera doaz Donostia ospitaleko aparkalekua guztiontzako doakoa eta duina izatea eskatzeko atxikimenduak biltzeko mahaia Doako Parkinga Denontzat plataformaren Usurbilgo herri ordezkaritzako kideak. Ekainaren 25ean eta 27an, 9:30-12:00 artean sinatu ahalko duzue anbulatorio atarian jarriko duten mahaian.
Eskaera hau bideratzeko sinadura bilketa hasia du Doako Parkinga Guztiontzat herri plataformak. Alde batetik, dagoeneko Donostia ospitaleko 2.412 langileren atxikimenduak bildu dituzte eta horiek entregatu dituzte. Baina sinadurak biltzeko ekimen hau herrira zabaldu nahi izan dute. Herritarren babesa jaso nahi dute, guztioi eragiten digun egoera izanik. Horretarako, online eman daiteke sinadura esteka honetan: "Doako Parkinga Denontzat". Dagoeneko 3.300 atxikimendu baino gehiago bilduak dituzte.
Horiek presentzialki emateko aukera ematea ere bermatu nahi dute. Horretarako, bilgune honetan dauden zenbait herrikideek Usurbila ekarri zuten iragan astean, anbulatorio atariraino. Egunotan berriz egingo diote lekua ekimen honi.
Kontsultak galtzeraino
Gogoan izan, ez da gaurko arazoa, baina jasanezina bilakatu dela salatzen ari dira azken hilabeteotan. Izan ere, Donostia ospitalera doana lanera nahiz paziente gisa hitzorduren bat izateagatik, garaiz heltzeko aparteko ahalegina egin beharrean da, ez baitu inolaz ere bermatua osasun zerbitzuon eremutik gertu aparkatu ahalko duenik. Beraz, ohikoa da, pazienteen kasuan, esaterako, ospitale atarian utzi beharra, laguntzen ari zaion gidaria aparkatzeko toki bila joan ahal izateko, edota bigarren laguntzaile baten beharra izatea, bere kabuz ospitalera sartu ezin badu.
Aipatu moduan, ez dela gaurko arazoa salatu dute hilabeteotan, urte hasieran osaturiko Doako Parkinga Denontzat herri plataformak. Baina jasanezina bilakatu dela diote, "ospitaleko aparkaleku nagusian protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzearen ondorioz". Testuinguru horretan, onartezintzat jotzen dute "ospitale batean aparkaleku nagusia ordainpekoa izatea, edo ezin aparkatzeagatik kontsultak galtzea, gertatu den moduan".
Egoera horretan, "eskainitako aukerak oso eskasak izan direla" salatu dute. Osakidetzak "enpresa pribatuen onurak" lehenesten dituela salatu du herri plataforma honek, "pazienteen eta langileen eskubideen gainetik. Bestetik, gatazkaren aurrean eskaintzen diren alternatibak ez direla benetakoak".
Horregatik eskatzen diote Osakidetzari "Donostia Unibertsitate Ospitaleko langile eta pazienteentzat doakoa izango den aparkaleku alternatiba eskaintza erreala egitea".