DYAren eta KzGuneko ikastaroetan nahiz euskaltegian izena emateko aukera egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 25a, 08:18

2025-26 ikasturterako aurrematrikulatzeko aukera duzue Etumeta AEK euskaltegian, baita DYAk nahiz KzGuneak uztailerako antolaturiko ikastaroetan ere. Lerrootan dituzue xehetasunak.

DYA
DYA Gipuzkoak sorosle eta lehen sorospenetako ikastaro berri bat eskainiko du Usurbilen. Uztailaren 7an hasi eta uztailaren 18ra arte luzatuko da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Ikastaroa DYAk Muna-Lurran duen egoitzan egingo da. Ikastaroan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez ezagupenik izatea. Ikastaro amaierako frogak gainditzen dituenak, Sorosle Titulua eskuratzeko aukera izango du.

DYAk aditzera eman duenez, "egunerokotasunean aurki ditzakegun arrisku egoerei nola erantzun irakatsiko dugu. Bihotz eta birika susperketa, zauriak, hausturak, erredurak… Ezagupen oso arruntak baina laguntza asko eman dezaketenak. Oso modu eroso eta atseginean, teoria eta praktika alderdiak uztartuz". Prezioa: ikastaroa, txostena barne, 120 euro. Plaza kopurua mugatua izango da. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: 943 46 46 22 / DYAgipuzkoa.com


Aurrematrikulazioa euskaltegian
2025-26 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina abiarazi du Etumeta AEK euskaltegiak. "Datorren ikasturtean euskara ikasteko asmoa baduzu, ez itxaron!", egin dute gonbita AEK-tik. Izan ere, izena orain ematen duenak hainbat abantaila izango ditu; lehentasuna taldeak eratzeko orduan, ikasturte honetako prezioari eusteko aukera edota ordainketa malguagoa (ohiko ordainketa-epeei beste epe bat gehitzea). Aurrematrikulazioa tramitatzeko unean egin beharreko lehenengo ordainketa 100 eurokoa izango da. Baina "ikastaroa ez egitea erabakitzen baduzu, aurrematrikularen %100 itzuliko dizugu ikastaroa hasi baino lehen jakinaraziz gero. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko dira".

Aurrematrikulazioa ekainaren 30a baino lehen bideratu ahalko duzu Etumeta AEK euskaltegian:
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus

KzGunea
Ekainean 16:00-20:00 artean irekiko dute KzGunea. Honatx hurrengo asteotako ikastaroen berri:
-Uztailak 3-8, 09:00-11:00 "Zibersegurtasuna eta pribatutasuna sarean".
-Uztailak 9-22, 09:00-11:00 "Ofimatika tresnak-LibreOffice".
-Uztailak 23-30, 09:00-11:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net