Aste eta erdian bigarren ekaitz bortitza bart, gaur abisu horian berriz

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 25a, 08:00

Ekaitz bortitza lehertu da bart gaueko 22:00ak pasatxoan, indarrean zen abisu horiaren baitan. Asteazken honetan, ekainaren 25ean, berriz izango gara abisu horian.

Aste eta erdian bigarren aldiz ekaitz bortitza lehertu da bart gaueko 22:00ak pasatxoan. Euria eta haizea gogotik egin du tarte batean, kazkabarra ere bai tartetxo batean. Ekainaren 13an izandakoa berriz errepika zitekeela zirudien.

Gogoan izan, duela aste eta erdi aspaldi ikusi gabeko ekaitza lehertu zen, euri eta kazkabar jasa itzelarekin. Menditik eta kaleetatik behera jaitsitako urak harrapatu zituen hainbat etxe eta lokalen atariak eta zenbaitetan ura barruraino sartu zen.

Bart gauekoa ere bide beretik zihoala zirudien. Abisu horian ginen ekaitz arriskuagatik baina oraingo hau ez da hain bortitza izan; bai, ordea, duela aste eta erdi bezain ikusgarria. Etenik gabeko tximistek zerua uneoro argitu dute orduerdi pasatxo iraun duen ekaitz horretan. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, Gipuzkoan 3.238 tximista izan ziren.

Meteorologia agentzia horren arabera, gaur berriz izango gara abisu horian 13:00-19:00 artean. Tarte horretan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki Kantauri isurialdearen ekialdean. Zaparradekin batera txingorra egin dezake (2-4 cm) eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 km/h)".

Ekaitz arriskua gaur ere
Euskalmet-en arabera, asteazken honetan, ekainaren 25ean, ekaitza leher daiteke berriz Usurbilen. "Goizean goiz zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta goizean zehar zerua zerua tarteka hodeitsu geldituko da; arratsaldean behe-hodeiak ugarituko dira. Baliteke zaparrada trumoitsuak botatzea, zenbait tokitan handiak izan litezke eta txingorra egin lezake, probabilitate handiagoarekin arratsaldean. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da goizaldean, goizean indartu egingo da; eguerdi partean ipar-mendebaldera aldatu eta ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Aldaketa ostegunerako, hilaren 26rako. "Goiz-lanbroa. Zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak gutxitu eta zerua hodei gutxirekin geratuko da. Goizaldean eta goizean goiz mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-osagaira aldatuko da eta ahul ibiliko da, tarte biziekin. Tenperaturak behera egingo du: gutxi minimoak eta nahikoa maximoak".

Ostiralean, hilaren 27an, "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eguerditik aurrera ipar-ekialdetik finkatu eta ahul ibiliko da, tarte biziekin arratsaldean. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.