Taldearen itzuleraz ohartarazten ari ziren sare sozialen bidez eta hala izango da, baina, oraingo honetan kontzertu bira batekin ez (oraingoz ez behintzat) dokumental batekin baizik. Aurkezpen gutxi behar duen Akelarre musika taldea bueltan izango da udazken honetan, pantaila handian estreinatuko den ikus-entzunezko lan baten bidez. 1972-2005 urte artean jardundako musika taldearen historia biltzen duen ikus-entzunezkoa grabatzen aritu dira hilabeteotan.
Besteak beste, Usurbilen ere zenbait irudi jaso dituzte. Kontzertu gogoangarriak eskainitakoa baita Akelarre inguruotan. Hamasei disko argitaratu eta hamaika plaza girotu zituen taldearen ibilbideari buruzko lan hau udazkenean estreinatu asmo dute. Bideografik ekoiztetxea ari da bideratzen egitasmo hau, EITB-ren parte hartzearekin. Babesleen artean da Usurbilgo Udala.
Gogoan izan, tarte labur batez iragarritako itzuleraren baitan, kontzertu gogoangarria eskaini zuen Akelarrek 2018ko Aginagako jaietan. Goraino bete zuten bertako frontoia.