Azken egunotan, Osinalde industrialdera gerturatu edota bertatik igaro zaretenok langileak lanuzteetan ikusiko zenituzten. Ostegun honetatik, ekainaren 26tik aurrera gehiago dira grebara batutakoak. Izan ere, iragan ostiralaz geroztik Tremefil-Izagirre lantegikoak txanda bakoitzean launa orduko lanuzteetan dira eta gaurtik, Igepak lantegikoak ere bai.
Metro gutxi batzuetako distantzia laburra baino ez dago bi lantegien artean. Alboan daude, Osinalde industrialdearen sarreran. Gaurtik, lanuzteetan biak. Bateko zein besteko langileek eremu bana hartua dute mobilizazioetarako, batzuen zein besteen lantegi atarietan. Gaurkoan bat egin dute. Elkarretaratze bateratua egin dute industrialdearen sarreran.
Lantegi bakoitzak bere egoera partikularra bizi arren, bietan ari dira hitzarmena negoziatzeko borrokan. Gaur, borroka eremua partekatu dute.
Mobilizazioei segida
Gaurtik aurrera, lantegi bakoitzak bere mobilizazioen egutegi propioa izango du, nahiz ostegun honetan bezalaxe, bihar ere lanuzteekin segiko duten arren.
Izan ere, hitzarmenak negoziatu eta adosten ez diren artean, borroka honekin jarraitzeko asmoa dute. Igepak-en kasuan, ostegun eta ostiral honetarako, ekainaren 26rako eta 27rako deituak dituzte lanuzteak. Lan gatazka konpontzen ez bada, hurrengo astean, uztailaren 2an udalerri mailako jaieguna izanik, lantegia itxita egongo da baina hurrengo bi egunetan, hau da, uztailaren 3an eta 4an ere egunotako ildo beretik, lanuzteei segida emango diete.
Langileen batzordetik NOAUA!ri berri eman diotenez, "printzipioz hori da asmoa". Egoera hau bideratuko ez balitz, lanuzte hauei segida ematea litzateke asmoa. "Hitzarmena adostu nahian gabiltza" bi gaien bueltan bereziki; batetik, soldatak duintzeko bidean eta urteko lanorduak murriztea dira dituzten eskakizun nagusiak.
Ez da lehen aldia lantegi atarira protestan irten direna lan hitzarmen duin baten alde. Azkenekoz, greban izan ziren baita 2022ko udaberrian. Gaurkoan berriz hasi dira mobilizatzen. "Zoritxarrez, honetara iritsi behar gara kasu egiteko", adierazi digute Igepak-eko lan batzordetik.
Greba mugagaberantz
Igepak lantegikoekin batera, lan hitzarmen duin baten alde borrokan eta lanuzteetan dira baita iragan ostiralaz geroztik, ekainaren 20tik Tremefil-Izagirre lantegikoak. Astea bete dute eta lantegi atarian segitzen dute gaurkoz, egunero zortzi orduko lanuzteekin. Izan ere, lan txanda bakoitzeko launa orduko lanuzteak egiten ari dira egunotan; goizez, 10:00-14:00 artean eta, arratsaldez, 14:00-18:00 artean.
Lan-hitzarmen duina eskatzen ari dira, hitzarmen duina negoziatzea lantegiko zuzendaritzarekin, ELA eta LAB sindikatuen izenean, lantegi atarian esekitako pankartetan irakur daitekeenez.
Halakorik ez balego, hau da, adostasunik edo konponbiderik ez balego, lanuzteekin segiko dute ostiral honetara arte, ekainaren 27ra arte. Bihar aurrerapausorik emango ez balute, datorren astelehenetik, ekainaren 30etik aurrera, greba mugagabeari ekingo diote Tremefil-Izagirre lantegikoek.