Udako hilabeteotan gure artera etorriko diren bisitarien eta herrian bertan zerbitzuen sektorean dihardutenen arteko hartuemanetan euskara aintzakotzat hartua izan dadin sustatzeko "Bertatik Bertara" izeneko kanpaina abiarazi du beste urte batez Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), irailaren erdialdera arte martxan segiko duena. Udalerri hau ere kide duen mankomunitate horren ekimenarekin bat egin du Udalak.
Hartueman horietan euskara ahotan hartzera bultzatzeko baliabide eskaintza aurkeztu du UEMA-k. "300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten guneetan, eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte", berri eman dute. Horrez gain, "ohiko hiztegi txikiez gain, euskarazko kultura eta musika ikusarazteko musika zerrendak ere prestatu ditu UEMAk: bidaiaren soinu banda bisitarientzat, eta euskarazko musikarekin osatutako zerrendak denda, taberna zein jatetxeetarako".
Usurbilen kasuan, Udaletik aditzera eman dutenez, "zeregin horretan laguntzeko baliabideak eskainiko dizkie udalak herriko ostalari eta establezimenduei". Horien artean dira, "bisitarientzako baliagarriak izan daitezkeen hiztegiak". Horrez gain, "taberna eta jatetxeen kasuan, ohiko mahai-gainekoak doan eskatzeko aukera ere izango da". Eskabideak bideotatik egin ahalko dituzte: 943 371 999 / euskara@usurbil.eus
Lehen hitza euskaraz
Gutun bana ere bidali die Udalak herriko ostalari eta establezimenduek. Izan ere, "bisitariei harrera euskaraz egitea nahi du udalak, herritarren nortasun ikur den heinean, eta horrekin bat egiten dutenei gomendio sorta bat helarazi die". Aholku horien artean dira, Udaletik zehaztu dutenez, "lehen hitza eta agurrak euskaraz egitea, eskerrak euskaraz ematea eta lokaleko hizkuntza-paisaia zaintzea (kartelak, oharrak, musika, sare sozialak...)".
Udalak helarazitako gutunean nabarmentzen duenez, "bisitari ugarik euskara bilatzen dute, propio. Asko nortasun horrengatik etortzen dira udalerri euskaldunetara: euskara ikusi eta entzutea gustuko dute”.
Kanpainari buruzko informazio gehiago uema.eus atarian jaso ahalko duzue.