Ucin lantegia hizpide izango du Anerreka ingurumen elkarteak ostiral honetarako, ekainaren 27rako deitu duen bilera irekiak. Azkenaldian egin herrikideen laguntzaz eginiko jarraipen lanaz mintzatuko dira ostiral arratsaldeko 18:30etan hasita Potxoenean.
"Azken asteotan, gertuko jarraipena egin diogu Anerrekako kideok, beste herritar batzuen laguntzarekin teilatuko isurketa horien irudiak hartuz eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailean salaketak jarriaz. Honetaz eta salaketa horiek izan duten ondorioez informatzeko, bilera irekia egingo dugu datorren ekainaren 27an, ostiralez, arratsaldeko 18:30ean, Potxoenean. Gonbidatuta zaudete!!", deitu dute Anerrekako kideek.
Informazio bilera deialdi horren harira gogora ekarri dutenez, "hogei urte baino gehiago igaro dira UCINek teilatutik zuzenean aireratzen dituen ke kutsakorrak salatzen hasi zirela Usurbilgo herritarrak".
Egoerak bere horretan dirau, ingurumen elkartekoen esanetan. "Gaur egun, lehen bezalaxe jarraitzen dute isurketek, astelehenetik larunbatera, egunero eta urte osoan ikusten da nola irteten den kea UCIn lantegiaren teilatutik, inongo filtrotik pasatu gabe. Areago, txatarra erretzeko produkzioa bikoiztu du, horretarako baimena eman zaiolako, teilatutik isurtzen duen ke kutsakorraren arazoa konpondu gabe. Hori da, gure osasuna kaltetzen duen jokabide honen aurrean, gure agintariek eskaintzen diguten zaintza".