Hilero moduan, ekaineko azken ostiral honekin batera, mobilizaziorako deia egin du Usurbilgo Sarek. Elkarretaratzea deitu du gaur 20:00etan Mikel Laboa plazan.
Azken asteotan izandako albisteen berri plazaratu zuten duela hilabeteko mobilizazioan, Euskal Herriko beste hainbat txokoetan egin bezalaxe, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko mobilizazioan.
"Hilabete mugitua izan da maiatza. Apirilaren azkenetan Gloria Rekarteren heriotzak astindu zizkigun barrenak eta maiatzaren 17an eta 18an Hego Euskal Herriko 28 herritan mobilizazioak lotu ditugu oraindik zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoen eskubideen alde".
Eskertza
Rekarteren heriotzari dagokionean, gogorarazi zutenez, "19 urteko espetxealdiaren ondoren bidelagun izan genuen Gloria Etxeraten. Gernikako akordioan EPPK-ren ordezkari izan zelarik ere bere ekarpena egin zion Gloriak herri honek horren beharrezko zituen fase berrien irekierei. Finean, bizitza osoko militante eta bidelagun izan zen horrenbeste maite genuen eta maite dugun Gloria. Mila esker senideen elkartean egindako ekarpenagatik, ez ditugu ahaztuko zure babesa sentitu genituen momentuak eta ez ditugu ahaztuko zurekin pasatako uneak. Mila esker Gloria".
Konponbidearekiko konpromezua
"Puzzlea osatu arte" dinamikari dagokionean, bestalde, "oso balorazio positiboa egiten dugu. 2.500 pertsona inguru mobilizatu gara oraindik erregimen itxian zigorra betetzen ari diren presoak dituzten 28 herrietan. 2.500 pertsona inguru izan gara salbuespen lege eta politikak oztopo dituzten euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko antolatu dugun mobilizazioan. Euskal gizartearen zati handi batek beste behin erakutsi du iraganera itzaltzen gaituzten gatazkaren ondorioen konponbidean duen konpromezua. Herri gisa etorkizunera eta elkarbizitza agertokietara begira jartzeko dugun beharra mahaigaineratu dugu beste behin".
Ekainaren 20an mobilizazioak sindikatuekin
Bada hirugarren albiste bat nabarmendu nahi izan zutena. "Audientzia Nazionalak euskal iheslarien Kolektiboko bozeramaileak deklaratzera deitu izana, hain zuzen ere Euskal Herrian agertoki berri baten aldeko apustua egiteagatik, horrek euren etxera bidea oztopatzea helburu duelarik".