Urtemugen urtea dugu udalerri honetan. Betetako 40 urteak ospatu berri dituzte jaiak hastear dituzten Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. Usurbilgo Lanbide Eskolaren txanda da orain. Izan ere, 50 urte, mende erdiko ibilbidea osatu du. Urteurreneko ekitaldien zikloa hurrengo 2025-26 ikasturtean bideratzeko asmotan diren arren, ziklo horri hasiera ofiziala astelehenerako antolatua duten ekitaldi instituzionalarekin emango diote.
Hala iragarri dute, ostegun honetan, ekainaren 26an hilero azken ostegunetan bezalaxe udalbatzak eginiko osoko bilkurara joandako Usurbilgo Lanbide Eskolaren ordezkaritzak. Izan ere, hilaren 30eko hitzordu horren aurretik, mende erdi horri lotutako erakunde adierazpena onartu du udalbatzak aho batez. Onarpena bera esanguratsua da. Duela 50 urte Lanbide Eskola sortzeko hazia jarri zen leku berean onartu da aipatu adierazpena.
Testuak berak gogorarazi moduan, "70eko hamarkadaren hasieran, Usurbilgo Udalak sustatutako azterketa sozioekonomiko baten ondorioz, eta Felix Aizpurua eta Benantxio Otaegi bezalako pertsonen inplikazioarekin, Lanbide Heziketako eskola bat sortzea proposatu zen. Ekimena, bertako enpresek eta Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzak babestu zuten".
Azterketa sozioekonomiko hura eta mozioa erregistratu ditu Lanbide Eskolak udaletxean. Horien bidez, "gustatuko litzaiguke eskertza ematea Udalari, Zubietako Lanbide Eskolaren proiektua aurrera eramateagatik", Lanbide Eskolako zuzendari Isidro Zalduak osoko bilkuran hitza hartu zuenean. Gero bozkatu eta onarturiko adierazpena irakurri zuten, albiste honetan beherago osorik duzuena.
"50 urte hauetan usurbildarrak, eskualdeko gaztetxoak hezten aritu gara, hemen badira batzuk", nabarmendu zuen Zalduak. Urteotan bidelagun izandako Usurbilgo eta eskualdeko enpresak ere eskertu nahi izan dituzte emandako babesagatik.
"Proiektu honen hazia erein zuten pertsonarik gabe nekez egongo ginateke gaur gauden tokian. Beraz, gure aitortza ere orduko udalbatza osatzen zuten kideei, garai zail haietan horrelako proiektu ausartak sustatzeagatik", gogorarazi nahi izan zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Lanbide Eskola zoriondu nahi izan zuen, energia berriztagarrien arloan duten erreferentzialtasuna goraipatu eta bidelagun izaten jarraitzeko borondate irmoa agertu zuen.
50 urteko ibilbidea-CIFP Usurbil LHII
Aurten Usurbilgo Lanbide Eskolaren 50. urteurrena ospatzen dugu, eskualdeko gazteen prestakuntza eta lan beharrei erantzuna emateko bokazioarekin jaio zen ikastetxea.
70eko hamarkadaren hasieran, Usurbilgo Udalak sustatutako azterketa sozioekonomiko baten ondorioz, eta Felix Aizpurua eta Benantxio Otaegi bezalako pertsonen inplikazioarekin, Lanbide Heziketako eskola bat sortzea proposatu zen. Ekimena, bertako enpresek eta Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzak babestu zuten.
Zentroaren oinarriak 1975ean jarri ziren, irakasle eta bizilagun talde batek, kooperatiba batzuen eta Udalaren babesarekin, Aginagako parrokia-lokaletan lehenengo tailerrak prestatu zituenean. Ia baliabiderik eta makineria modernorik gabe, bankadak egin, erabilitako motorrak konpondu eta inguruko enpresek emandako materiala bildu zuten. Mekanika eta Administrazioa espezialitateak martxan jarri ziren, udal-bekak eta baserrietatik autobusak kudeatu ziren eta familientzako orientazio-zerbitzu bat sortu zen, izan zitezkeen irteera akademikoak eta lan-irteerak azaltzen zituena. Ikasleek eta irakasleek ere lan komunitarioak egiten zituzten: eraikin publikoetako instalazio elektrikoak konpontzen zituzten, Urolako erriberako barandak margotzen zituzten eta helduentzako alfabetatze teknikoko gaueko ikastaroak antolatzen zituzten. Emankizun hari esker, gazte asko beren ingurunetik urrundu beharrik gabe trebatu ziren, eta gaur arte iraun duen lankidetza-kultura sortu zuten.
1979an, gestio prozesu luzearen ondoren, egungo eraikina inauguratu zen Zubietan. Landa-ingurunean kokatutako eskola txiki hark, baliabide gutxikoa baina giza konpromiso handikoa, nazioartean aitortutako erakunde bihurtzea lortu du, hezkuntzaren, berrikuntzaren, lankidetzaren eta bikaintasunaren ikur. Irakasleen eta irakasle ez diren langileen konpromisoak, erakundeen, enpresen eta familien laguntzarekin batera, sendotu egin zuen proiektu hori, eta, urratsez urrats, prestakuntza-eskaintzan, ekipamenduan eta prestigioan hazten joan zen.
Hurrengo hamarkadetan, Eskola aitzindaria izan zen enpresetako praktiketan, etengabeko prestakuntzan, kalitatearen aldeko apustuan eta nazioarteko lankidetzan. Espezialitate berriak bultzatu ziren, hala nola, Energia Berriztagarriak, Ostalaritza eta Turismoa edo Instalazioen Mantentzea, eta inguruko enpresa-sarearekiko harreman zuzena sustatu zen.
Gaur egun, ikastetxea erreferente da hezkuntza eta teknologia berrikuntzan, inguruko enpresekin harreman estuan prestakuntza ematen du, nazioarteko proiektuetan parte hartzen du eta bere espazioak eta metodologiak ikaskuntza aktibora egokitzen ditu. Gainera, eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoan funtsezko zeregina betetzen du, langile zein langabetuei prestakuntza eskainiz, enpresa txiki eta ertainekin lankidetzan arituz eta jasangarritasuna eta eraldaketa digitala sustatuz. Energia Berriztagarrien alorrean, Estatuko Bikaintasun Zentroen Sarearen parte gara, eta horrek beste zentro eta eragileekin lankidetza estrategikoan jarduteko aukera ematen digu.
Irudi berriarekin hasiko dugu datorren ikasturtea baina duela 50 urte eskola sortu zeneko ilusio berarekin. Pertsona trebeak, konprometituak eta etengabe aldatzen ari den gizartearen erronkei aurre egiteko gai direnak prestatzen jarraituko dugu.
Eskerrik asko, bihotzez, urte hauetan guztietan bidaide izan zareten guztioi.