Iragan udazkenean hasi ziren lantzen Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean, indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako aurretik zegoen protokoloa eguneratzeko lanketa.
Sortzen aholkularitza zerbitzuak dinamizatu du hilabeteotako lanketa prozesua. Bertan parte hartu dute "Udaleko Parekidetasun sailak, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioak, Osakidetzak eta Ertzaintzak". Mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea ere gonbidatu zuten lankidetza eremu horretara.
Eginiko lanketaren emaitza, aipatu bigarren protokolo eguneratua izan da. Aho bateko onespena eman dio udalbatzak ostegun honetako osoko bilkuran.
"Ez da hutsetik hasitako prozesua"
Udal gobernu taldetik, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak berri eman zuenez, ezinbestekotzat jo zuen protokoloa berritzea, eremu horretan urteotan izan diren lege aldaketengatik edota txertatzen joandako kontzeptu berri asko tarteko.
Iragan urrian ekindako prozesuaren baitan, hain zuzen, urteotako aipatu aldaketa horiei guztiei buruzko lanketa bideratu dute. Indarkeria matxistaren biktima diren ama eta seme-alaben gaia jorratu zuten eta lankidetza horretara gonbidatu zituzten herriko ikastetxeak. Indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa eta erakundeek eman beharreko erantzun politiko-instituzionala izan ziren beste lanketarako gaiak.
Ostegun honetako osoko bilkuran udal gobernu taldetik gogorarazi moduan, lanketa prozesu hau "ez da hutsetik" hasitakoa izan. Nabarmendu duenez, Usurbilek ibilbide luzea jorratua du arlo honetan, "halere ez da nahikoa", indarkeria matxistak nola kolpatzen segitzen duen ikusita.
Horregatik, garrantzia handikotzat jo ditu alkateak lankidetza marko horren baitan, protokoloaren sinatzaileek hartutako konpromisoak, zortzi akordioetan zehaztuak daudenak.
Jada beste erakundeen oniritzia duen protokolo eguneratu hau ofizialki datorren uztailaren 10ean sinatuko dute agerraldi bidez..