Geroz eta ugariagoak dira, orohar, askotariko larrialdi egoerak; izan uholdeak, suteak, askotariko bestelako ezbeharrak... Larrialdi klimatikoa tarteko, muturreko fenomeno meteorologiko gehiago bizitzeko arriskua dugu. Balizko larrialdi egoera horiei aurre egiteko 2014. urteaz geroztik bazuen udalerri honek plangintza bat. Plan hori berritzea, eguneratzea onartu du udalbatzak aho batez, ostegun honetako osoko bilkuran.
"Plana eguneratu eta berritzeko lanetan Usurbilgo Udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren laguntza izan du", Udalaren esanetan.
Onarturiko udal plangintza "Udal Larrialdietarako Plan berria Larrialdeiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara" helaraziko dute, "ondoren, Plana Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak homologatu dezan". Horrez gain, udalbatzak aho batez hartutako erabakia "Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari" jakinaraziko diote.
Zer eta nola egin
Larrialdi plan hau izatea legez ez du derrigorrezkoa udalerri honek. Izan ere, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, 20.000 biztanletik gorako udalerriak dira legez behartuak daudenak plan hau izatera. Baina Usurbilek 5.000 biztanletik gora dituenez, aholkagarritzat jotzen da plangintza hori izatea.
Udal plan eguneratu honek "larrialdi egoera batean zer nolako erantzuna eman jasotzen da"; besteak beste, osteguneko osoko bilkuran udal gobernu taldetik berri eman zutenez, "krisi mahaia nola eratu" edota nola bideratu koordinazio lan hori eta nortzuk zer ardura hartu bere gain...
Askotariko arriskuak barnebiltzen ditu plangintzak; aipaturiko uholdeez gain, landa-eremuan edota herri erdigune etxebizitza historikoetan gerta daitezkeen suteen aurrean zer egin, A8 autopistatik igarotzen den merkantzia arriskutsuak tarteko sor daitezkeen larrialdi egoerak, jendetza batu dezaketen eremuetan sor daitezkeenak...