Udalbatzaren osoko bilkura

Ia 620.000 euroko kreditu aldaketa, hartutako konpromisoei nahiz erronka berriei heltzeko

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 27a, 10:46

619.667,27 euroko kreditu aldaketa egin duela jakinarazi du udal gobernu taldeak ostegun honetako osoko bilkuran. Urteko bigarrena da eta ondorioz, egun, inoizko udal aurrekontu handiena du udalerri honek; 21 milioi eurokoa.

Udal aurrekontuak onartzen ditu udalbatzak urte amaieran, hurrengo urteko herri egitasmoei heldu ahal izateko. Ohikoa da gero, ordea, aurrekontu horiei diru kopuru gehiago txertatzen joatea, bizpahiru bai behintzat, udalbatzak ostegun honetan, ekainaren 26an eginiko osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez.

Ildo horretan, aurtengoa ez da salbuespena izango. Ia 620.000 euroko (619.667,27 euroko) kreditu aldaketa baten berri eman dute saio horretan. Hein handi batean, aurreragorako utzia zuten Aginagako saneamendu obretara bideratuko dutena. 390.000 euro eskainiko dizkiote egitasmo horri. Hartara, "Udalak Añarberekin hartua zuen konpromisoa" garatzeko bidean aurrera jo ahalko da.

Horrez gain, Beterri-Buruntza mankomunitate sortu berriari egin beharreko 75.000 euro inguruko diru ekarpena handitu beharra du, beste 20.000 euro erantsi behar dizkio bertako lantaldea indartzeko eta kreditu aldaketa honek ahalbidetuko du diru txertaketa hori egitea.

35.000 euro bideratuko ditu udal gobernu taldeak, bestalde, Txokoalden ezarritako taxi zerbitzura. Gogoan izan, ekaina hasieratik auzorako sarbide nagusia den zubia birgaitzeko itxita dago Oria zeharkatzen duen komunikazio bide hori. Horrek auzoan eragindako mugikortasun arazoak apaltzeko taxi zerbitzua eskaintzen ari da Udala, "batik bat, autorik ez duten herritarrei zein eskola orduetako joan-etorriak bermatzeko". Lerrootan mintzagai dugun kreditu aldaketa zerbitzu hori bermatzera ere bideratuko dute.

Beste 18.000 euro Aginaga Biziberritzen egitasmora bideratuko ditu Udalak. Izan ere, aholkularitza zerbitzua kontratatu behar izan du Udalak proiektu hori lantzeko.

Udal aurrekontu historikoak
Aipatu kreditu aldaketaren baitan, zenbat diru eta zertara bideratu erabakitzeko udal barruko sailen kontsultak gakoak izan dira. Arlo ezberdinetan zeuden beharrak identifikatzetik hartu dira erabakiok. Zenbait partida diruz indartuko dituzte erabakiokin, eta aurreikusi gabeko beste zenbaiti aurre egiteko moduan izango dira. 620.000 euro horiek diruzaintza gerakinetik hartu ditu Udalak. Oraindik orain, egun, 920.000 euro ditu Udalak erabilgarri. 

Kreditu txertaketa honekin, inoiz herri honek izandako udal aurrekontu handienak ditu egun; 21 milioi eurokoak jada. Izan ere, Udaletik gogorarazi moduan, "urteko bigarren kreditu aldaketa da honakoa. Lehenengoan, 5,2 milioi euro pasatu ziren 2024ko aurrekontuetatik aurtengoetara, aurrekontua 20.451.794,71 eurora igoz. Bigarrengo honekin, beraz, udalaren 2025eko aurrekontua 21.071.461,98 eurokoa da".

EAJ-k etorkizunera begira, kreditu aldaketen gaian haien ikuspegia txertatzea gustatuko litzaiekeela adierazi zion udal gobernu taldeari, kreditu aldaketa honen berri eman ostean. EHBildutik ekarpen edo proposamen horiek urte osoan nahi denean, kreditu aldaketari itxaron gabe egin daitezkeela erantzun zioten. "Gu prest entzun eta ados bagaude", ekarpenok txertatzeko, gaineratu zuten. Kreditu aldaketa horiek nahi denean eta nahi adina aldiz egin daitezkeela azaldu zuten.