Usurbilgo jaiak

Jaien hasiera herrigintzaren erakusleiho, 40 urte betetako Ziortzaren eta Zumarteren eskutik

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 28a, 12:56

Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak emango die hasiera Usurbilgo festei.

Berrogei urteak paraleloki ospatzen aritu diren arren, urtemuga berezi bikoitz hau elkarrekin borobilduko dute Usurbilgo jaietan. Misio bikoitza izango dute, gainera; festei hasiera ematea eta soka-dantzan aritzea.

Izan ere, 40. urtemuga ez da egunero betetzen. Aparteko ahalegina egin dute azken hilabeteotan baina merezitako aitortza jasotzeko unea heldu zaie Zumarte Musika Eskolari eta Ziortza Gazte Elkarteari. Sagardo Egunean izan zuten bezala, uztailaren 1ean 19:00etan udaletxeko balkoitik Santixabelak hasteko ohorea haiena izango da.

“Ohore eta aitortza oso handia”
“Ez genuen espero”, harriduraz jaso dute Ziortzan festak abiarazteko gonbita. Halere, “oso eskertuak” daude eta soka-dantzan parte hartzeko proposamenarekin bezala, pozarren. “Ohore eta aitortza oso handia da, bai berrogei urteon ibilbideari eta urte hauetan guztietan Ziortzatik igaro diren guztiei. Harrotasunez bizitzen ari gara”, gazte elkartekoen esanetan. Elkarrekin bazkaldu eta txupinazora batera joatekotan dira.

Udaletxeko balkoira igoko den ordezkaritza hautatu behar dute. Horretarako, prestaketa lanetan aritu dira. “Denon iritziak jasotzen ari gara. Bozketa modukoa egin dugu gure artean”.

Ez da erraza lau hamarkadetako ibilbidea minutu gutxi batzuetan balkoi batean irudikatzea. Baina argi dutena da, “gu ez ginatekeela hor egongo, aurretik egondako guztiei esker izan ez balitz”.

Une honek, gainera, oso lanpetuta harrapatu du Ziortza, soka-dantzako entseguekin eta kanpaldiko antolaketarekin. Ekimen honetarako gogotsu dira jada, “uda ederra izango da aurtengoa ere”. Uztailaren 8an abiatuko dira Errioxarantz DBH3 eta 4ko 70etik gora lagun hamar bat egunerako. Astebete inguruko egonaldia egingo dute gero, nork bere aldetik DBH 2ko 50etik gora lagunek eta 1. mailako beste 33 kideek. Jendetza mugiaraziko du aurtengo kanpaldiak ere. “Guretzat garrantzitsua izaten da adinak nahastea, baina kanpaldiko baliabideak mugatuak dira eta” ezinezkoa zaie adin tarte guztiotako gazte guztiei aldi berean Errioxako Peñaloscintosera joateko aukera ematea. “Pena da, baina ezin da. Horregatik oso baliotsuak dira urtean zehar egiten ditugun ekintzak”, ziurtatu dute Ziortzatik.

Halere, pozarren dira, “40 urte eta gero jende asko elkartzen delako” auzolana ardatz duen ekimen honen bueltan. Laguntzailerik gabe ez baita kanpaldirik. Ziortzako begiraleak proiektu honen muina dira, eta kanpaldira begira bidelagunak behar izaten dituzte. Larunbat honetan, ekainaren 28an joatekoak ziren azpiegiturak muntatzera, abuztuaren 9an egokituko da bilketa lana. “Herritar oro” dago gonbidatua laguntzera.

“Oso goian amaituko dugu”
40. urtemuga jaialdia ospatu berritan joango dira kanpaldira. Pozik ekimenak izan zuen harrerarekin eta plazaraturikoarekin. “Oso goian amaituko dugu” ikasturtea; udaletxeko balkoian “urtemuga borobiltzeko ezin modu egokiagoan”. Izan ere, kasualitatea da baina urtemuga hau iragartzeko urte zahar gaueko mahats aleen jateari lotutako parodia modukoa egin zuten balkoi horretan Ziortzakoek urtarrila hasieran. Hantxe borobilduko dute urteurrena hilaren 1an, Zumartekoekin batera.

“Herriak ematen duen saria”
Ziortzaren antzera, harriduraz eta pozarren jaso dute Zumarten ere txupinazoan parte hartzeko gonbita. “Soka-dantzan aritzeko deialdia heldu zen lehenik. Musikariak izanik, dantzarako gonbita jasotzerakoan jendea ez da hain erraz animatzen, baina baiezkoa eman genuen oso-oso pozik”. Ikasleen bidelaguntza izango dute uztailaren 2ko hitzorduan. Horretan zirela jakinarazi zitzaien jaiak hasteko hautatuak izan zirela. “Oso eskertuak gaude”, Zumartetik nabarmendu dutenez eta horrekin batera, “harro, oso harro” eragile desberdinen lana ikusgarri egingo dutelako eta batez ere, hautaketa moduagatik, “herriak ematen duen saria” baita. Eta Zumarte hor dago kokatua. “Zumarte herritarrena da, herria da”. Hala izan da 40 urteotan.

“Eskertzea tokatzen zaigu, herrigintza goraipatzea”
Hamarkadotako bizitza berriki borobildu zuen ibilbide musikatu berezi batekin. Sorreratik gaur arte, “saiatu gara garai berrietara egokitzen, modernitatea eta tradizioa uztartzen. Herriak hau badio, hain gaizki ere ez genuen egingo”.

Halere, ez dute asti gehiegi horretan pentsatzeko, lanez gainezka izan duten 40. urtemugako ikasturte berezi honen amaieran. “Hainbesteko lana eskatu digu eta nola beste hamaika kontu ditugun, ez dago denborarik hau dena arnasteko”. Urtemuga bera ezkutuko lan hau bistaratzen laguntzeko baliagarria izan zaiela nabarmendu digute. “Bizitako guztiarekin oso pozik, oso harro gaude. Jendeak gogotik lan egin du eta horren emaitza ikusten ari da”. Zumarteko kide guztien prestasuna nabarmendu digute.

Ziortzakoen antzera, emozio handiko eta lan itzela eginiko ikasturtea amaitzear zirela jaso dute festetarako gonbita bikoitza. “Ez gara jarri pentsatzen” txupinazoan zer adierazi. Baina argi dutena da, “eskertzea tokatzen zaigula, herrigintza goraipatzea”. Izan ere, uztailaren lehenean udaletxeko balkoian batuko dira bi herri eragileok baina “Zumarte eta Ziortza bezala, eskertza herriko talde guztiengana zabaltzea” gustatuko litzaieke. Izan ere, haien guztien arteko elkarlanak “egiten baitu Usurbil herri bizia izatea”. Eta horretarako baliatu nahi lukete Ziortzarekin partekatuko duten hurrengo asteko une berezia; herrigintzaren balioa goraipatzeko.