Garai bateko argazkiak ikustea gustuko dugu, ez ziren gaur bezain ugariak; are gutxiago, mugimenduzkoak. Halakoak harribitxiak izan ohi dira, jaiotarako girotzen hasteko Sutegin proiektatuko dituztenak bezalakoxeak. Iaz izandako arrakastaren ondotik, berriz eskainiko dute "1371-1971 Usurbil villa bezala hasi zenetik 600 urte" ikus-entzunezkoa ekainaren 30ean, bitan, arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan. Udalerri honek hiribildu izaera eskuratu zuenetik 600 urte bete ziren 1971n. 600. urtemuga haren harira eginiko ospakizunei buruzko bideoa da eskainiko dena, koloretan. 48 bat minutuko iraupena du.
1991ko Sagardo Eguna iruditan
Iaz eskainitako ikus-entzunezko lan honi, beste proiekzio bat gaineratu dio jai batzordeak; bigarren hau, aurrekoa baino berrixeagoa. Izan ere, 1991ko Sagardo Eguneko irudi bilduma bat ere eskuratu dute jaietako antolatzaileek eta hauek ere hilaren 30ean kultur-etxeko auditorioan ikusteko aukera izango da. Urte hartako sagardo festa, postuetako giroa ageri da ikus-entzunezko lan horretan.
Ekitaldi hau, beste hainbatekin batera, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko egiten ari den bidearen baitan kokatua beharra dago.