Usurbilgo jaiak

Izerditan blai datozkigu jaiak kirol hitzorduekin

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 28a, 11:17

Pala, pilota, bola, boleibola edota herri kirolak. Jarduera fisikoak eta kirolak tarte berezia izango dute abiatzear diren Usurbilgo jaiotan.

Parranda giroan murgilduko gara datorren astean Usurbilgo jaien eskutik. Nahi adina jan-edan edota dantzarako aukera izango da astebetez udalerri honetan. Abagune ezin egokiagoa izango da, gainera, zergatik ez, urtean zehar, eguneroko bizimoduan egin bezalaxe, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko ere. Festetan ere bizi ohitura osasuntsuak bultza daitezkeenaren adibidea da aurtengo egitarauan aurkituko duzuen berrikuntzetako bat; uztailaren lehenerako antolatu duten boleibol ikastaroa. Festak ofizialki abiarazi aurretik, arratsaldeko 16:00etarako programatu dute gaztetxoenentzat Oiardo kiroldegiko pistan. Asmoa, Usurbilen errotzen hasia den jarduera berri hau ezagutarazi eta modu librean jolasteko aukera eskaintzea da.

Boleibolaz gain, azken asteotan jokoan izandako Usurbilgo Pilota Txapelketako finalak festetako jaiegun nagusian, uztailaren 2an izango dira. Egitarauan dituzue zehaztuak nortzuk heldu ziren azken txanpa horretara.

Herri ordezkaritzarik ez da faltako final horietan, ezta herri kiroletan ere. Herrikideak lehia bizian ikusiko ditugu aurtengoan ere, uztailaren 5ean. Bola txapelketaren biharamunean izango da. Festei begirako girotze gisa, pala egokituko erakustaldiaz gozatzeko aukera izango duzue aste hasieran bertan.

Hemen duzue, aurtengo Usurbilgo jaietako kirol hitzorduen berri:


Usurbilgo jaiak
Ekainak 30, astelehena
• 16:30 Pala txapelketa: kirol egokituen erakustaldia.

Uztailak 1, asteartea
• 16:00 Boleibol ikastaroa Kiroldegian.

Uztailak 2, asteazkena
• 17:00 LII. Esku pilota txapelketako finalak:
-Jubenilak: Etxabe-Errasti - Zufiria-Cestau.
-Nagusiak: Santxo-Urruzola -Alberdi-Aizpuru.

Uztailak 4, ostirala
• 18:30 Bola txapelketa.

Uztailak 5, larunbata
• 12:30 Herritarren arteko herri kirol lehia.

Antolatzailea: Usurbilgo Jai Batzordea.