Usurbilgo jaiak

Palestinar herria babestuko duen gazte egitaraua prest

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 28a, 12:10

Usurbilgo gazte mugimenduak eskaintza zabala prestatu du datorren asteko jaietarako. Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatu eta herri hau babesteko tartea hartuko dute, bestelako hitzorduen artean.

Palestinarren aurkako genozidioak ez du etenik. Euskal Herrian Gernika-Palestina herri ekimena ari da bideratzen hainbat ekimen azkenaldian, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. Udako jaietan ere “jaietako testuinguruan eragileak genozidioaren kontrako aktore bilakatzeko” asmoa agertu zuten berriki. Deialdi horrekin bat eginez, Usurbilgo jaietan Palestinaren aldeko herri argazkia ateratzeko hitzordua antolatu du gazte mugimenduak uztailaren 2an 20:30etan, txosnetan. "Lurra, justizia, bakea. Genozidioa stop" aldarripean egingo da hitzordu hori.

Gainerakoan, denetariko ekintzak iragarri dituzte. Hasteko, uztailaren lehenean udaletxeko balkoitik piztuko den txupinazo ofizialaren eta horren osteko herri kalejiraren ondotik, txosnak irekitzeko baliagarri izango zaien gazte txupinazoa antolatu dute. Goizean goiz, eremu horretatik abiatuko den oilasko biltzaileen irteeratik bueltan izango da. Talde argazkia atera eta bazkari legea egingo dute, goiz partean Usurbil eta Aginaga aldean ibilitakoek.

Ez da elkarrekin egin ahalko duten otordu bakarra izango, uztailaren 4an gazte bazkaria antolatu dute eta. Bazkaloste girotua izango dute, azkenaldian geroz eta sarriago egiten den bingo musikatuaren eskutik. Hortik aurrera, Hamarru elektrotxarangarekin kalejiran ibiliko dira herrian barrena.

Ondoezik bueltan
Elektrotxarangen formulak ere arrakasta itzela du. Festa hauetan, Hamarru taldeaz gain, maiatzaren amaierako Ziortzaren 40. urtemuga jaialdian estreinako emanaldi txalotuaren ondotik, bigarren kontzertua eskainiko dute festa hauetan; Ondoezik taldeari buruz ari gara. Santixabel egunean, Palestinaren aldeko herri argazkiaren aurretik hasiko dira girotzen txosnagunea, oraingo honetan, “kocktail tropikalarekin” iragarri dute saioa.

Gauetarako ere musika eskaintza zabala iragarri dute. Hasteko, etxekoen aldeko apustua egin dute bertsio gauarekin. Izan ere, herri sorkuntza oholtzaratuko dute festen lehen parranda gauean. Denetariko abeslari eta musikariak, elkarrekin nahasian goizaldera arteko emanaldi ederra osatuko dute, azken urteotan harrera jendetsua izan duena. Taldeen zerrenda ezagutzera eman dute: Gei Zazpi, Gu Be Lo, Mac Donals, Pedrata, Watxiturrak, Rotten Pott, Ximona ta Dolox, Bugati, Eztena, Ze Haiaiz?, Autosüne, Mehatxu Itxua, Bendettak, A Kapela, Katolikos, Zeonak, Ibili Joe!, Duplu (De Un Pueblo Llamado Usurbil)...

Hortik aurrera, estilo ezberdinetako taldeak tartekatuko dira aste osoan zehar. Uztailaren 6ko Dema plazako azken trakarekin borobilduko dira ofizialki festak, baina azken hitzorduari txosnagunean egingo diote tokia; nahi duenak abesteko aukera izango du karaokean.

Kalejira zikiro-janaren aurretik
Uztailaren 5eko zikiro-jana Bentazaharreko mutiko alaiak taldeak girotuko du. Jaietako gehigarriko egitarauan aipatu ez badugu ere, aurretik, kalejira egingo da 12:00etatik aurrera hain zuzen. Talde berak girotuko du bazkalaurreko tarte hori.


Usurbilgo jaiak
Gazte egitaraua
Uztailak 1, asteartea
• 06:00 Oilasko-biltzaileen gosaria eta irteera txosnetatik.
• 14:00 Oilasko-biltzaileen itzulera eta bazkaria.
• 19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera, Ziortza eta Zumarteren eskutik.
• Ondoren, herri kalejira buruhandi eta erraldoiekin eta Jaixkipe txarangarekin.
• 20:00 Gazte txupinazoa eta txosnen irekiera.
• 22:00 Erromeria frontoian: Laket.
• Ondoren, Bertsio Gaua txosnetan.

Uztailak 2, asteazkena
• 18:30 Ondoezik elektrotxaranga kocktail tropikalarekin, txosnetatik abiatuta.
• 20:30 Palestinarren aldeko herri argazkia txosnagunean.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Naxker, Ganibet eta Dj Fifi eta Fefa.

Uztailak 3, osteguna
• 18:30 Poteo elegantea txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Txanpain topa txosnetan. Argazki txokoa egokituko dute hitzordu horretan.
• 20:30 Erromeria frontoian: Bide Batez.

Uztailak 4, ostirala
• 14:30 Gazte bazkaria txosnetan. Ondoren, bingo musikatua.
• 18:00 Hamarru Elektrotxaranga txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Tapia eta Leturia frontoian.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Sustrai berriak, Mirua eta Zer Dj-a.

Uztailak 5, larunbata
• 12:00 Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan, Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 18:00 Mugi panderoa erromeria txosnetan.
• 23:00 Kontzertuak frontoian: Viafara eta Janus Lester.
• Jarraian, txosnetan: La Txama eta Fantasia Dj.a.

Uztailak 6, igandea
• 07:00 Kita del Pare txaranga txosnetatik abiatuta.
• Ondoren, gaupaseroen argazkia.
• 18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen-ematea, 18:00etan).
Oharra: ahal bada, paellerak eta suak etxetik eramateko deia egin du antolakuntzak.
• 23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
• 00:30 Karaokea txosnetan.