Beroagatik abisu horian igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 28a, 09:24

Abisu horian izango gara igandetik, ekainaren 29tik aurrera, beroagatik.

Egun eguzkitsu eta beroak datozkigu, urte garai honi dagokion moduan. Abisu horian izango garela ohartarazi du halere, Euskalmet meteorologia agentziak, igande honetatik, ekainaren 29tik aurrera. Tenperatura altu iraunkorragatik abisu horian izango gara igandean eta astelehenean egun osoz. Horrez gain, kolore bereko abisua indarrean izango da baita aipatu bi egunotan, 12:00-20:00 artean "tenperatura oso altua" izan dezakegulako.

Giro honekin, larunbat honetan, ekainaren 28an, Usurbilen, "zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, goizaldean eta goizean goiz behe-hodei batzuekin. Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan haize ahula eta aldakorra ibiliko da, gainerako orduetan ipar-ekialdekoa, tarte biziekin eta bolada gogor batzuekin arratsaldean. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Igandean ere "zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, goizean hego-osagaia nagusi; arratsaldean, brisa altxatuko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Astelehenean, "zerua hodei gutxirekin egongo da, erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Arratsalde-gau partean zerua tarteka hodeitsu egongo da, bero-hodeiekin. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, hego-osagaia nagusi eta bolada gogorrekin; eguerdi partean ipar-ekialdetik finkatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.