Ur-mozketa uztailaren 1ean, Txokoaldeko zubiko lanak tarteko

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 28a, 10:17

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, ur-mozketak aginagarrei eragingo die.

Ia hilabete bada Txokoaldeko zubia birgaitze lanetarako itxi zutenetik. Lanok tarteko, ur hornidura etengo dutela ohartarazi du Usurbilgo Udalak. Mozketa datorren asteartean izango da, uztailaren lehenean, goizeko 9:00etan hasi eta gehienez jota eguerdiko 12:00ak arte. Udaletik jakinarazi dutenez, "batik bat, aginagarrei eragingo die mozketak (Txokoaldeko zubitik Aginagako Sarira arte). Barkatu eragozpenak".

Ibilbide zirkularra
Ohiko sarbidea itxita du jada Txokoaldek. Izan ere, Altzonazko zubia itxita dago birgaitze lanetarako hilabete hasieratik. Horregatik, ibilbide alternatibo eta zirkularra egokitu du Usurbilgo Udalak. Nondik nora joan daitekeen jakiteko seinaleztapena egokitua dute bidegurutzeetan.

Modu horretan, Txokoaldera heltzeko, lehenbizi Santuenetatik Urdaiagarantz igo beharko da eta lehenengo bidegurutzean Irabibidean eskuinerantz jo eta handik erriberara jaitsi beharko da eta hurrengo bidegurutzean, Txokoalderantz biratu. Zati hau, norabide bakarrekoa izango da obrak amaitu artean.

Abiadura murriztuan, 20 kilometro orduko abiaduran gidatu ahalko da bertatik. Eta adi, lanegunetan, goizeko 7:00etan hasi eta arratsaldeko 17:00ak arte oinezkoek nahiz txirrindulariek erriberako bide zati hau ezingo dute erabili. Txokoaldetik irteteko lehenbizi Urdaiagara igo beharko da eta handik Santueneara jaitsi beharko da. Bide horretan, bertan bizi direnentzako etxeetarako sarbideak haien erabilerarako izango dira soilik.

Bidez Bide egokitua
Ibilbide zirkular horretatik ibili ahalko dira ibilgailuak, beraz, arautua eta seinaleztatua dagoen norabidean, baita Bidez Bide udal zerbitzua ere. Izan ere, zubiaren itxierak, zenbait zerbitzu egokitu beharra eragingo du, tartean, Usurbilgo herri eta auzoak lotzen ditue Bidez Bidek eskainitakoa. "Bi aldaketa izango ditu. Batetik, ibilbidea egokituko da, eta, horrek, ezinbestean bigarren aldaketa eragingo du, alegia, ordutegiena. Udalak, horrez gain, taxi zerbitzua ere eskainiko du, ordutegi jakin batekin. Haurren eskoletarako joan-etorriak bi zerbitzu horien bidez bermatuko dira".

Zazpi hilabetez
Txokoaldeko zubiaren birgaitze lanek gutxienez zazpi bat hilabete iraungo dutela aurreikusia du Eusko Trenbide Sareak (ETS). Egungo zutabeak mantendu egingo dituzte baina gainontzekoa erabat botako dute: 30 zm igoko dute zubia, eta hiru mugikortasun motarentzako baliogarria izango da (oinezkoak, bizikletak eta ibilgailu motordunak).

Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko obren ardura ETS-rena da, osorik: bere gain hartu zuen proiektua idatzi, lizitatu zein gauzatzeko ardura. Finantzaketa osoa (1.432.416 euro, BEZ barne) bere gain hartu zuen, balizko igoera ekonomikoei aurre egitea barne, 300.000 euro salbu: horiek udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta. 

Aginagako tuneleko obrek iraun bitartean, ETS arduratuko da zubiaren mantenu osoaz; horiek amaitutakoan, udalak hartuko du ardura hori.