Igandeaz geroztik indarrean den abisu horiak bere horretan segiko du aste hasiera honetan ere. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, tenperatura altu iraunkorragatik abisu horian jarraituko dugu astelehen eta astearte honetan, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean hurrenez hurren eta egun osoz, tenperatura altu iraunkorragatik.
Horrez gain, muturreko tenperatura oso altuagatik ere kolore bereko abisuaren eraginpean jarraituko dugu aipatu bi egunotan, 12:00-20:00 artean.
Usurbilen, 30 graduko tenperatura izatea espero da astelehen eta asteartean. Gaur, hilaren 30ean, "hauts-gandua ager daiteke. Eguzkitsu egongo da. Arratsalde-gau partean behe-hodeiak ugaritu egingo dira. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hego-osagaia nagusituz; eguerdi inguruan ipar-osagaitik finkatuko da, tarte biziekin. Arratsalde-gauean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura gutxi igoko da".
Asteartean ere "hauts-gandua ager daiteke, bereziki egunaren lehen zatian. Eguzkitsu egongo da, goizaldean behe-hodeiekin. Arratsalde-gau partean bero-hodeiekin. Ipar-osagaiko haizea nagusitu daiteke eta goizaldean mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Aldaketa dator asteazkenean. "Goizaldean eta arratsalde-gau partean zerua hodeitsu egongo da, goizean hodei gutxirekin. Goizaldean han-hemenka zaparrada txikiak egin ditzake; arratsalde-gau partean zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; goizean iparraldetik edo ipar-mendebaldetik finkatuko da, bolada gogorrekin arratsalde-gauean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".
Informazio gehiago, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.