Lanuzteetatik greba mugagabera igarotzekoak ziren unean, akordioa erdietsi dute Tremefil-Izagirre lantegiko langileek. Gogoan izan, lan-hitzarmen duina negoziatzea eskatzeko lanuzteetan ziren ekainaren 20az geroztik. Goizeko zein arratsaldeko txandan, launa orduko lanuzteak egiten ari ziren egunero, astetartean, 10:00-18:00 artean. Ekainaren 27ra arte hala jarraitzeko asmoa agertu zuten eta halaxe egin zuten iragan ostiralera arte.
Ostiral hori finkatua zuten hain zuzen, lan-hitzarmen duin hori negoziatzeko azken egun gisa. Adostasunik erdiesten ez bazuten, urrats berri bat emango zutela iragarria zuten langileek. Gaurtik, astelehen honetatik, ekainaren 30etik aurrera greba mugagabeari ekitekoak ziren.
Langileen batzordetik jakinarazi dutenez, ordea, lan-hitzarmenari lotutako akordioa erdietsi dute Tremefil-Izagirre lantegiko zuzendaritzarekin. Honenbestez, gaur abiatzekoa zuten greba mugagabea bertan behera utzi dute.
Soldata igoera eta txanda-kontratua
Langileen batzordean ordezkaritza duen ELA sindikatutik berri eman dutenez, "sei eguneko lanuzteen ondoren eta greba mugagabearen atarian, Tremefil-Izagirre enpresak (altzairu produktu lauak hotzean ijezten eta merkaturatzen dituen enpresak) hitzarmenerako akordio bat lortu du, KPIaren gainetik dauden soldata igoerekin".
Soldata igoera hauen zenbatekoa zehaztu dute. "Soldatei dagokionez, 2025ean KPI+%1eko igoera hitzartu da; hori guztia modu linealean. 2026an, EAEko KPI+%1; hori guztia modu linealean".
Ez hori soilik. Horrez gain, "langile guztientzako txanda-kontratua bermatzea lortu da. Puntu garrantzitsua da hau, izan ere, 10 urtean 10 langileetan murriztu da guztira plantilla eta lana bermatzeko ezinbestekoa da".
Igepak ere lanuzteetan
Bestalde, gogoan izan baita, Tremefil-Izagirre lantegiaren alboan kokaturiko Igepak-eko langileek ere lanuzteei ekin zietela iragan astean lan-hitzarmen duina negoziatzea eskatzeko. Bi lantegietako langileak modu bateratuan mobilizatu ziren, gainera, iragan hilaren 26an.
Ostegun hori izan zen Igepak-ekoentzat mobilizatzeko lehen eguna, bigarrena biharamunekoa, iragan ostiralekoa. Egunotan akordiorik erdiesten ez badute, iragarria dutenez, asteazkenean, Usurbilgo udalerri mailako jaieguna izaki, itxita egongo da lantegia, baina ostegun eta ostiral honetan ere berriz lanuzteei segida eman asmo diete.