Inoizko Udajolas goiztiarrena abian

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 30a, 09:45

Estreinakoz festen biharamunean ez, herriko jaietan sartzear garela hasi da NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak aurtengo Udajolas.

Lehenbiziko aldiz, ekaina amaitu aurretik abiatu da eta inoizko parte hartzaile kopuru handienarekin. Iraupen eta kide kopuruen markak hautsita hasi da 2025eko Udajolas, astelehen goiz honetan. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenak hilabeteko iraupena izango du, ohi bezala uztailaren 30era arte luzatuko da, baina oraingoan, aurreko urteekin alderatuta geroxeago ospatuko diren Usurbilgo jaietan etenaldia izango da.

Udajolas astelehen eta astearte honetan, ekainaren 30ean eta uztailaren lehenean eskainiko da. Gero, hilaren 2tik 4ra etenaldia izango da eta hurrengo astelehenetik, uztailaren 7tik aurrera, egunero lau orduz eskainiko da, 9:30-13:30 artean. Irteerak egingo dira egunetan, 16:30etan amaituko da.

Albiste honi atxikitako argazkian duzue Udajolaseko lantaldea. Izan ere, talde jendetsua dudarik gabe. Izan ere, zenbakiei erreparatuz gero, antolatzaileek nabarmendu moduan, iaz goia jo zuela zirudien, baina ez da halakorik gertatzen ari. Duela urtebete 4-12 urte arteko 212 haur eta gaztetxok eman zuten izena 2024ko Udajolasen. 2023ko parte hartze marka hautsi zen eta aurten berriz gainditu da muga hori. Guztira, 230 izan dira izena emandakoak. Goia jo ezinik da, beraz, udako aisialdiko eskaintza hau.

Adin tarteka izandako izen-emate kopurua aintzakotzat hartuta, bi multzotan banatu dituzte aurtengo parte hartzaileak; batetik, HH eta LH 1.mailakoak, eta, bestetik, LH 2-6 artekoak. Hala, guztira 102 haurrek eman dute izena lehen multzoan (HH-LH1). Haiekin guztiekin hamalau talde osatu dituzte eta hamasei hezitzaile ariko dira lanean, koordinatzaile batekin batera.

LH2-6 arteko multzoak 128 gaztetxo elkartuko ditu. Haiekin guztiekin hamahiru talde osatu dituzte. Hamalau hezitzaile ariko dira lanean haiekin, koordinatzailearekin batera.

35eko lantaldea
Kopuruoz jabetzeko beste datu bat; aisialdiko begirale edota zuzendari izateko titulua eskuratzeko ahaleginean ari diren hiru gazte arituko dira praktikaldian. Guztira, honenbestez, 35 hezitzaileko lan taldea osatu dute aurtengo Udajolaserako. Lantaldea jardunean aritu da aurreko asteotan, prestaketa lanak bideratzen. Urtero moduan, aldez aurretik hasten dira bilerak egiteko programaketak osatu edota formazioa jasotzen. Aurten, bereziki ekintzei erreparatzeaz gain, talde kohesioan jarri dute arreta.

Udajolas, haur eta gaztetxoak lagunartean harremantzea ahalbidetuko die euskaraz biziko duten aisialdi eskaintza honek. Jolasen bidez, ondo pasatzea du xede, ohitura osasuntsuak sustatzearekin batera. Izan ere, hezkuntzan eragin nahi du baita ekimen honek. Eskolaz kanpoko egitasmo bati buruz ari gara, baina arlo horretan eragiteko "eremuok ere oso garrantzitsuak" direla nabarmendu zuten berriki Sutegin eginiko guraso bileran. Laburbilduz, "Udajolasen helburua Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, gure hizkuntza den euskararen normalizazioa bultzatzeko".